Jaixetan alkar zaindu eta gozatu dezagun!

Jaixetan alkar zaindu eta gozatu dezagun!

2023/07/21
Udaleko Parekidetasun eta Aniztasun Sailak idatzia kaleratu du, gaur hasiko diren Santiago eta Santa Ana jaien harira; elkar zaintzeko eta gozatzeko deia luzatu die herritarrei.

Herriko jaiak elkar zaintzeko eta elkarrekin gozatzeko une direla jakinda, herritar guztiongan hala izan dadila bermatzeko Soraluzeko Parekidetasun eta Aniztasun sailetik planteamendu integral bat martxan jarri dugu aurtengoan ere.

Nabarmentzekoa da, eraso matxista nahiz bestelakoen aurrean, jarduteko protokoloa zehaztu dugula. Alde batetik, ostalari eta jai batzordeekin lantzeko protokoloa osatu da. Iazkotik hona berrikuntza batzuk txertatu ditugularik; batez ere, erasoa jasaten duen pertsona gehiago babeste aldera. Horrez gain, eraso larri bat gertatzen bada, Udal mailan ere jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztu ditugu. Protokoloaren lanketa tabernari guztiekin eskuz esku egin da eta baita jai batzorde ezberdinekin (Galtzagorriak, Gune Musik eta Plaza Zaharreko Elkartasun txosna) ere. Honela bertan jarduten duten kide guztiek badakite, jarraitu beharreko pausuak zeintzuk diren.

Horrez gain, garrantzia handia eman diogu jai gunean mezu feministak presente izateari. Honen helburua jaiak parekide eta feministagoak izateko bidean, jendeak kontzienteago eta arduratsuago izatea lortu nahi baitugu. Nolako jaiak nahi ditugun adieraztearekin batera, Soraluzen eraso matxistarik inondik inora ez dugula onartzen indartu nahi dugu kalean eta jai gune guztietan. Horretarako proposamen ezberdinak izango dira:

  • Faroletako banderolak: Herriko jai gune ezberdinetan zehar (Zubian, kale nagusietan, Plaza zaharrean nahiz Berrian, Taberna gunean, Gune Musik inguruan, Frontoian…) dauden faroletan mezu feminista ezberdinak jarri dira ikusgai. Aurtengoan, iaz baino gune gehiagotara zabalduko ditugu mezu feminista hauek.
  • Udaletxea bozgorailu: Udaletxeko balkoi eta paretean zehar jarriko ditugu pankarta eta loneta ezberdinak, mezu feministekin. Eta honekin batera, erasoen aurrean garrantzitsu izan daitezkeen telefono zenbakiak (112, udaltzainak, 24 orduko laguntza telefonoa…) ere ikusgai jarriko ditugu.
  • Gidak: Taberna eta txosna gune ezberdinetan “Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak” gidak eskuragarri jarriko ditugu euskaraz zein gazteleraz. Bertan, modu praktiko eta errezean jasotzen direlarik matxismoaren topiko esanguratsuenak, sexualitate aske eta osasuntsu baten ezaugarriak, autodefentsa feministaren kokapena etab.
  • Zapiak: “Soraluzeko jaixetan aske gozatu” mezuarekin 550 zapi atera ditugu, 1€an salgai egongo direnak Iratxo Goxodendan, Galtzagorrien txosnetan eta Plaza Zaharreko Elkartasun txosnan.

SexuBizi Gune Morea ere jarriko da, uztailaren 22an, larunbatean 23:00etatik 2:00etara Zubi nagusian. SexuBizi GUNE MOREAK babes lekua eta gune segurua eskaintzen du. Bertan, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak eskuratu ahal izango dira, baita sexualitateari buruzko informazioa eta materiala ere.

Azkenik azpimarratu nahi dugu, Soraluzen EZ dugula ERASO MATXISTA, ARRAZISTA ETA LGTBI+foborik ONARTZEN. Eta denon ardura dela hori horrela izan dadin, erantzukizunez jokatzea. Erasoen aurrean autodefentsaz jokatuz eta erasotzaileei EZEZKO argiak adieraziz, konplize bilakatu gabe. Gainera, adierazi nahi dugu, jaiak herritar guztiek gozatzeko direla. Etxeko zereginak eta ardura familiarrak banatzen baditugu DENOK ondo pasatzeko denbora gehiago izango dugu. Beraz, Plaentxiko jaixak errespetuz eta askatasunez gozatu ditzagun!