Pasaiako azken hilketa matxistaren gaitzespen irmoa

Pasaiako azken hilketa matxistaren gaitzespen irmoa

2024/12/02
Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du zapatuan, azaroaren 30ean Pasaian emakume bat erail izana eta aldarrikatzen du emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla.

45 urteko emakume bat eraila izan zen larunbat arratsaldean Pasaian bikotekide ohiaren eskutik. Honekin aurtengo zazpigarren erailketa matxista da Euskal Herrian. 2003tik hona 126 emakume eta 12 adingabe hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian eta horrek adierazten du ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Pasaiako emakumearen hilketaren aurrean.

Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela. Nabarmendu nahi du ere arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik eta horregatik, dei egiten dio gizarteari berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin ekitera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Duela astebete, azaroaren 25ean, kalera ateratzeko deia egin genuen eta gaurkoan ere herritarrei dei egiten diegu gaur, astelehena, ABENDUAREN 2an, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943750056
  • Soraluzeko Berdintasun saila: berdintasuna@soraluze.eus