
Irakurketa Errazeko irakule taldea gaur bildu da Udal Liburutegian
Muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenentzat ezinbestekoa da Irakurketa Erraza. Izan ere, ardura bereziarekin landutako liburuak dira, irakurtzeko ohitura galdu dutenek, irakurtzeko zailtasunak dituztenek edo irakurtzen berandu ikasi dutenek irakurri eta ulertu ahal izateko bereziki prestatuak.
Iazko martxoaz geroztik Soraluzeko udal liburutegiak, Mesedeetako Ama egoitzak eta eguneko zentroak elkarlanean dihardute Irakurketa Errazeko taldeen bueltan. Irakurle taldea elkartzen denetik lau liburu irakurri dituzte dagoeneko eta ekintzaren balorazio oso positiboa egiten dute parte-hartzaile zein antolatzaileek.
Martxoaren 8aren inguruko irakurgaiak
Taldekideek Núria Martí Constans idazlearen Trampa de fuego liburuaren lehen kapituluak irakurri dituzte gaurko saioan: 1911n New Yorkeko Triangle oihal fabrikan izandako sutean bizia galdu zuten 123 emakume langileei buruzko nobela hain zuzen ere. Garai honetarako irakurgai aproposa, gertaera horren ondorioz izendatu baitzen martxoaren 8a emakume langilearen nazioarteko eguna.
Izan ere, Emakume langilearen nazioarteko eguna hurbiltzen ari denez, horren inguruko irakurgaiak programatu dituzte otsaila eta martxorako: Trampa de fuego eta Invisibles.
Hurrengo saioa, irekia
Martxoaren 14an elkartuko dira berriz Irakurketa Errazeko taldekideak Invisibles liburuaren lehen pasarteak irakurtzeko. Martxoaren 8rako programatutako ekintzen baitan kokatzen da irakurle taldearen saioa, Invisibles liburuak historian zehar aitortzarik jaso ez duten hainbat emakume paregaberen biografiak biltzen baititu.
Saio irekia izango da, eta interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Liburuak udal liburutegian banatuko dira egunean bertan.