Ingurumenaren Mundu Eguna
Debabarrenako Mankomunitateak bat egiten du ekainaren 5ean ospatuko den Ingurumenaren Mundu Egunarekin. 1974. urtetik ospatzen da egun hau mundu mailan, ingurumenaren sentsibilizazioa eta herrialdeen garapen jasangarria sustatzeko. Aurten, Nazio Batuen Erakundeak ekosistemak leheneratzeko deia egin du “Berimaginatu, birsortu, leheneratu” lelopean, ingurumenaren degradazioa geldiarazi, murriztu eta lehengoratzeko.
Ekosistemak dira planetako bizitzaren euskarria eta hauek zaintzeak eta babesteak eragin zuzena du planetaren eta bertako biztanleen osasunean. Ekosistemen degradazioaren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira, hortaz, eraginak ere oso desberdinak izan daitezke. Hori dela eta, edonork jar dezake bere alea ekosistemak zaharberritzeko. Ekosistemen leheneratzeak hondatu diren ekosistemak berreskuratzen laguntzean datza, eta oraindik bere horretan jarraitzen dutenen kontserbazioan ere bai.
Hondakinen kudeaketa egokiaren bidez, ekosistemak leheneratzen lagun dezakegu. Alde batetik, ahalik eta material gehienak berrerabiliz edo birziklatuz, papera egiteko zuhaitzak moztea sahiestuko dugu, beira egiteko mineral gehiago ateratzea ere bai, edo plastikozko ontziak egiteko petroliotik eratorritako material gehiago lortu behar izatea.
Debabarrenan, 2021eko apirilean, gaikako bilketaren maila %57,36koa da. Datu ona izan arren, hobetzeko tarte handia dugu, egun edukiontzi grisean uzten ditugun material birziklagarrien kopurua ikusita.
Bestalde, gure inguruko ekosistemek aurre egin beharreko arazo garrantzitsu bat dira mendietan, ibaietan eta itsasoan pilatzen diren zaborrak. Zaborra naturara ez iristearen garrantziaz ohartzea funtsezkoa da, besteak beste, ekosistemetako bizidunengan ondorio larriak eragiten dituelako: janaria plastikozko ontziekin nahasten duten hegaztiak, zetazeoak, etab. gizakion arduragabekeriaren ondorio dira askotan. Zoritxarrez, gure ibaiertzetan hondakin asko ikusten jarraitzen dugu, inguruko ekosistemak ezinbestean kutsatuko dituztenak.
Horregatik guztiagatik, Debabarrenako Mankomunitateak Ingurumenaren Mundu Egunaren harira, herritarrei gogorarazi nahi die zeinen garrantzitsua den hondakinak berrerabiltzea eta egoki birziklatzea.