"Hurrengoa zu" erakusketa asteartean zabalduko dute
Soraluzeko Udaleko Bizikidetza eta Memoria Mahaiak "Hurrengoa zu; jazarpen indarkeria eta mehatxu larriak Gipuzkoan 1975-2011" izenburuko erakusketa antolatu du.
Erakusketa azaroaren 7an irekiko dute, arratsaldeko 6:30ean egingo den ekitaldiaren bitartez, eta hilaren 25era arte egongo da ikusgai, kulturguneko erakusketa-gelan.
Erakusketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak Baketik erakundearen laguntzarekin osatu duen erakusketa honen bidez, Giza Eskubideen esparrutik agerian jarri nahi da motibazio politikoko indarkeria mota bat, euskal gizarteko maila gehienetan eragina izan duena eta, askotan, biktimak isilik bizi izan dutena.
Jazarpen-indarkeriaz dihardu erakusketak , gertaera, egoera edo mehatxu larrien aurrean beren bizitza edo osotasun fisikoa/psikikoa arriskuan ikusi duten pertsonez, beren ideia, erantzukizun edo jarrera politikoengatik, lanbideagatik edo ekintza sozialagatik, edo aurreko ezaugarriak dituen pertsonaren baten senidea izateagatik, pertsekuzioa, larderia edo jazarpena sufritu dutenak.
Jazarpen-indarkeria hainbat eragilek erabili izan dute, eta aniztasun handiko herritar ugarik jasan dute. Hala ere, askotan ikusezin bihurtu izan da honen eragin soziala, bai eta pairatu dutenen bizitzetan izandako eragin zuzena eta zeharkakoa ere.
Testuak, baliabide bisualak eta ikus-entzunezko euskarriak biltzen dituen ibilbide baten bidez, erakusketa honek testuinguruari buruzko informazioa, kasu zehatzen deskribapena eta Gipuzkoan indarkeria mota hori jasan zuten pertsonen zuzeneko testigantzak eskaintzen ditu.
Bisita gidatua
Azaroaren 14an, asteartea, erakusketara bisita gidatua egiteko aukera izango da, Baketik erakundearen eskutik.
Interesdunek HEMEN sakatuz eman dezakete izena, edo 943753043 telefono-zenbakira deituta.