Herritarrek erabakiko dute Soraluzeko Udaleko Berdintasun zerbitzuaren marka berria bozketa bidez
Maite Quintanilla (EH Bildu), Veronica Galarraga (EAJ) eta Patricia Borinaga (PSE-EE), uztailean, jaietako zapiak eskuetan dituztela.

Herritarrek erabakiko dute Soraluzeko Udaleko Berdintasun zerbitzuaren marka berria bozketa bidez

2022/09/15
Irune Jaio artistaren bi proposamenetako bat aukeratu behar da urriaren 14ra arte, udalaren webgunean edo plaentxia.eus webgunean bozkatuz

Soraluzeko Udaleko Berdintasun zerbitzua bere marka berria sortzeko prozesuan murgilduta dago. Udaleko Berdintasuneko arduradun Patricia Borinagak azaldu duen bezala, "marka hori egiteko, zerbitzua Irune Jaio argazkilari eta diseinatzailearen laguntza izaten ari da. Artistak bi proposamen sortu ditu, eta herritarrak arduratuko dira gehien gustatzen zaiona eta Berdintasun zerbitzuarekin gehien egokitzen dena aukeratzeaz".

 

Aniztasuna erakusten duten bi proposamen

Irune Jaio diseinatzaileak bi logo ezberdin proposatu ditu Berdintasun zerbitzurako. Lehenengoan, Norabidea 1 izena duen ideian, berdintasuna eta emakumetasunaren inguruko ikur ohikoenetatik ihes egitea planteatzen du, alde formalari dagokionez behintzat. “Balio horien errepresentazioa alderdi sinbolikoago batetik sortzea izan da helburua. Esanahi hori, testuaren eta kolorearen (urdin argi eta ilunak) eskutik sortzen da berehalako interpretazioa emanez, non lehen momentutik antzematen da esanahia”, nabarmendu du Jaiok. Hala, forma geometrikoen bitartez, kolore eta posizio ezberdinek irudikatzen dituzte aniztasuna, taldea, aldakortasuna eta baita naturarekiko lotura (ilargia, bere faseak eta horien eragina emakumeen zikloetan). “Oinarrizko forma geometrikoen erabilerak, denboran iraupena bermatzen dute, eta oinarrizko forma horien gainean landu ahalko dira momentuko errekurtso grafikoen txertaketa, hala nola, degradatuak, testurak, argazkiak fondo moduan erabili ahal izatea…”, azaldu du diseinatzaileak.

NORABIDEA 1

 

Bigarrengo aukeran, Norabidea 2 izenekoan, berdintasunaren forma literalenera jo da: “Berez, berdintasunaren ikurra abiapuntutzat hartu eta berarekin joko bisuala sortzea izan da helburua, beste elementu batzuekin konbinatuz. Horrela, bi gidoik izan ahal duten esanahi sinbolikoari, elkarrizketa irudikatzeko erabiltzen den globoaren azpiko hirukia integratu zaio, erdiko zuri koloreko forma negatiboak beste esanahi bat hartuz”. Halaber, Jaiok adierazi duen bezala, elementuen kolore, morea nagusi den lekuan, eta tonu ezberdinen bitartez, aniztasuna irudikatu nahi izan da aberastasun kromatikoa gehituz koloredun bertsioari.

NORABIDEA 2

Herri-bozketa online egingo da, eta parte hartu nahi duen orok web orri honetan bertan edo plaentxia.eus atarian sartu eta botoa eman beharko du, helbide elektronikoarekin erregistratu eta gero. Herritarrek logotipo gogokoenaren alde bozkatu ahal izango dute lau astez, urriaren 14ra arte ondoko estekan: https://forms.gle/oUWdNxHJrR2A8mjV9