Herriko kultur ekitaldien gaineko hausnarketa egin da, hobetzea helburu

Herriko kultur ekitaldien gaineko hausnarketa egin da, hobetzea helburu

2024/03/01
Udaleko Kultura Batzordeak deituta, hamabost herritar inguru bildu ziren otsailaren 21ean egun herrian antolatzen diren kultur ekitaldiei buruzko hausnarketa egiteko.

Kultur elkareetako kidez zein kultur ekitaldietara joateko ohitura duten herritarrez osatutako hamabost laguneko taldetxoa elkartu zen Elkartegian otsailaren 21ean, eguaztenez, Soraluzeko kultur panoramaz gogoeta egiteko. Maite Quintanilla Kultur Zinegotziak adierazi duenez "Noizean behin komenigarria izaten da geldialdi bat egin, atzera begiratu, eta egindakoaren balantzea egitea; zertan asmatu den, zertan ez, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez begiratzea. Batez ere aurrera begirakoan erronka berriei helduta ekiteko."

Hainbat alderdi aipagai

Orohar, guztiek azpimarratu zuten herriko kultur eskaintzaren baitan ekitaldi asko antolatzen direla, eta kalitatezkoak. Horretaz gain, parte-hartzaileek hainbat irizpide zein neurritan betetzen diren aztertu zuten dinamizatzaileak proposatutako galderei tiraka.

Kultur diziplinen arteko orekari dagokionez, dantzari lotutako ekitaldi gutxi antolatzen direla eta antzerkiaren arloan formaziorako jarduerak (tailerrak, eskola...) falta direla nabarmendu zuten. Gainera, haur eta familiei zuzendutako ekitaldi oso gutxi antolatzen direla eta nerabe eta gazteentzako eskaintza falta dela ere aipatu zuten.

Urte-sasoiaren eta espazioen arteko orekari lotuta, parte-hartzaileek adierazi zuten hilabete batzuetan programazioa murriztu egiten dela (ekainean eta irailean, esate baterako), kalean gauza gehiago programatu beharko liratekeela eta ekitaldietarako espazio berriak esploratzeko beharra dagoela.

Hartzaileen perfilaz aipatu zuten egungo kultur programazioak ez duela lortzen herriko hainbat kolektibo erakartzea; migranteen kolektiboa, esate baterako. Horrekin lotuta, ondorioztatu zuten euskara-gaztelera binomiotik haratago pentsatu behar dela kultur eskaintzen hizkuntza aukeratzerakoan. 

Genero ikuspegiaz ere hausnartu zuten parte-hartzaileek; ondorioa zera da, gehiago hartu behar dela kontuan kultur ekimenak antolatzean.

Elkarlana eta saretzea badago elkarte eta arte-diziplinen artean, baina lan ildo horietan ere sakontzen jarraitu beharra dago oraindik.

Ondorioak aztergai

Bileratik ateratako ondorioak datozen asteetan aztertuko ditu Udaleko Kultura batzordeak, eta apurka-apurka, bertan jasotako asmo eta helburuak praktikara eramateko ahalegina egingo da aurrerantzean.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie hausnarketa prozesuan parte hartu eta beren proposamenak egin dituzten herritarrei.

Horrez gain, inork hausnarketa prozesuak emandako ondorioak sakonago aztertu nahiko balitu, hemen dauka dokumentua.