Herriko hainbat iturri urik gabe
Uztailaren 13az geroztik ez da urik irtetzen herriko hainbat iturritatik, Gabolats 13an dagoenetik Zubi Nagusikotik eta Plaza Berrikotik hain zuzen ere.
Urik ez egotearen "errua" egun hauetan Plaentxia Herri Ikastetxean egiten ari diren obra batek dauka.
Patiora igotzeko eskailerak berritzen ari da Udala, harmailen altuera gutxituz, sakontasun gehiago emanez eta aldapa txikituz, modu honetara patiorako sarrera-irteeren irisgarritasuna hobetzeko.
Eskailera berritzearekin batera, eskailera azpian dauden hodiak ere berritzen ari dira eta hodi horietako bat aipatutako 3 iturrietara ura ekartzen duena da. Korta eta Ipiñarrieta baserriak lotzen dituen lurrezko pistaren behekaldean hasten da eta 1.336 metroko luzera dauka.
Ondorioz, lanak bukatu bitartean aurretik aipatutako hiru iturriak urik gabe egongo dira.