Herrian gertatutako eraso matxistak gaitzetsi ditu Udalak adierazpen baten bitartez

Herrian gertatutako eraso matxistak gaitzetsi ditu Udalak adierazpen baten bitartez

2024/02/01
Soraluzeko Udalak gogor salatu ditu hilabete honetan herrian izandako eraso matxistak; adierazpen instituzionala kaleratu du eta elkarretaratzea deitu du bihar arratsaldeko 7:30erako, Plaza Berrian.

Honako adierazpena egin du publiko Soraluzeko Udalak azken egunotan herrian izandako eraso matxistak salatzeko:

"Hilabete honetan gure herrian izandako eraso matxisten aurrean, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena adierazi nahi du. Biktimei eta beraien ingurukoei gure laguntza eta hurbiltasuna adierazi nahi diegu. Berreskuratze eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar duten informazioa eta udal baliabideak beraien eskura jartzeko lanean dihardugu momentu hauetan.

Soraluzeko Udalak, erakunde gisa, irmoki adierazi nahi du ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu jokabide hauek gure gizartetik desagerrarazteko.

Era berean, Soraluzeko udala osatzen dugun talde politikook gogorarazi nahi dugu indarkeria matxista egiturazko arazo baten ondorio dela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna. Erasoak dira emakumeek gure gizartean jasaten duten indarkeria matxistaren ondorio larrienak eta muturrekoenak. Horregatik, funtsezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-balioak sustatzea, hezkuntzan eta baita emakumeen autonomiaren alde lan eginez beren bizitzako alderdi guztietan, indarkeria matxistaren edozein adierazpide errotik moztuz.

Azkenik, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki erakutsi dezaten emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa. Eraso hauek desagerrarazteko behar-beharrezkoa baita gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik, herritar orori dei egiten diogu bihar ostirala, 19:30etan Plaza Berrian egingo den kontzentrazioan parte hartzera, baita herrian antolatu daitezkeen beste mobilizazioetan ere".