HAZILAN+ kualifikazioa duten langabetuak laneratzeko programaren izen-ematea zabaldu da

HAZILAN+ kualifikazioa duten langabetuak laneratzeko programaren izen-ematea zabaldu da

2025/04/14
Debabarrenako Udalek eta Debegesak aurkezten duten programa honen helburua kualifikazio-maila ertain-altua duten, baina lan-merkatuan sartzeko sartzeko zailtasunak dituzten langabeen laneratzea lortzea eta enplegagarritasuna hobetzea da.

Debabarreneko Udalek eta Debegesa, Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin elkarlanean, HAZILAN+ programa aurkeztu dute, kualifikazio-maila ertain-altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten Debabarrena eskualdeko langabeen laneratzea lortzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Helburu hori lortzeko, programak hainbat orientazio-ekintza jarriko ditu parte-hartzaileen eskura: zeharkako gaitasunetan trebatzea, ezagutzen eguneraketa, enpresako praktikak, etab.

Egitasmoa, aldez aurretik esperientziarik ez duten gazteei eta egoera desberdinengatik langabezian dauden pertsona helduei zuzenduta dago. HAZILAN+ek lehentasuna emango dio etxeko eta zaintza-lanetan aritu izan diren emakumeen lan-merkaturatzera; izan ere, datuek erakusten dute emakume horiek direla zailtasun handienak dituztenak. Parte hartu nahi dutenek langabezian egon behar dute, eta erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua izan behar dute.

Programak, halaber, parte-hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharrekin gurutzatu nahi ditu, bi aldeen interesei erantzuteko eta gizarte- eta enpresa-sare indartu, dinamiko eta lehiakorra sustatzeko. Alde horretatik, garapen-agentziak funtsezko eragileak izango dira proiektuaren garapenean, 8.000 enpresa-sarea baitute.

Bi ibilbide

HAZILAN+ programan parte hartzen duten pertsonek beren beharren arabera bi ibilbide garatzeko aukera izango dute: Osatu edo Lorpen. Osatu ibilbidearen bidez, parte-hartzaileek lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak lortu ahal izango dituzte talde tailerren bidez. Prestakuntza fase hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da. Ibilbide hori enpresa-praktikekin osatzen da, parte-hartzaileek benetako lan-esperientzia izan dezaten.

Lorpen, bestalde, banakako ibilbide bat da, enplegu bat lortzeko beharrezko trebetasunak lortuta dituzten pertsonak edo Euskaditik kanpo dauden eta itzultzeko asmoa duten pertsonak zuzenean laneratzera bideratua. Ibilbide honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.

Hiru dira parte hartzaileek bete behar dituzten baldintza nagusiak:

  • Langabezian egotea.
  • Erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulua edukitzea
  • Debabarrena eskualdeko herriren batean erroldatua egotea.

Debegesa izango da programaren kudeatzailea eta hortaz, ibilbideen informazioa eta izena emateko formularioa bere webgunean daude eskuragarri.

16 garapen-agentzia partehartzaile

HAZILAN+ proiektua EAEko 16 agentzietan egingo da: Amurrio Bidean; Erandioko Udala – Behargintza; Iraurgi Lantzen (Iraurgi Berritzen); Leioako Udala – Behargintza; Goierriko Ekimena (Goieki); Laudioko Udalaren Garapen Agentzia; Beterri-Buruntza Mankomunitatea; Urola Garaiko Garapenerako Agentzia (UGGASA); Debabarrena garapenerako elkartea – Debabarreneko garapen ekonomikorako elkartea (DEBEGESA); Debagoieneko Mankomunitatea; Tolosaldea Garatzen; Behargintza Txorierri (Egaz Txorierri); Mungialdeko Behargintza; Urola Kosta Udal Elkartea eta Lanbide Ekimenak.

HAZILAN+ proiektuan 1.400 pertsonen parte hartzea aurreikusten da. Enpresek eskatzen dituzten gaitasunak bereganatuz arituko dira, finean, benetako lan-esperientzian partaide izateko.

Gure eskualdearen kasuan, proiektu hau EGF 2021-2027 Programak kofinantziatzen du % 40an eta Debabarreneko eskualdeko Udalen finantziazioa jasotzen du %60an.

HAZILAN+, HAZILAN proiektuaren jarraipena da. 2016tik 2024ra bitartean gauzatu zen eta 2.100 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen.