Haurreskolako matrikulazio kanpaina
Bizi dugun alarma egoerak behartuta, Soraluzeko Haurreskola kudeatzen duen "Haurreskolak Partzuergoak" atzeratu egin du egun hauetan egitekoa zuen datorren ikasturterako izen-emate kanpaina.
Partzuergoko arduradunek jakinarazi dutenez, matrikulazioa aurrerago egingo da, behin alarma-egoera amaitzen denean, herritarrei ohiko bideetatik helaraziko zaielarik epe eta moduei buruzko informazioa.
Maiatzeko izen-ematea iraila, urria edo azaroan hasiko diren haurren familiei dago zuzenduta.
Haurreskolak 0 eta 2 urte bitarteko haur-eskola publikoak dira eta haien helburu nagusia familiei hezkuntza eta laguntza zerbitzu ematea da, 0 urtetik 2 urtera bitarteko haurren zainketa osoa eta hezkuntza kontuan hartuko dituena, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeko.
Soraluzeko haurreskolak 21 plaza ditu, 9 plaza 0-1 urteko haurrentzat eta 13 plaza 1-2 urtekoentzat. Horietatik 14 plaza dira datorren ikasturteari begira libre daudenak.
Informazio gehiago Soraluzeko Haurreskolara idatziz (soraluze.soraluze@haurreskolak.eus) edo Haurreskolak Partzuergora deituz (943821750) eskuratu daiteke.