Haurren Nazioarteko Eguna
Haurren eta nerabeen nazioarteko egunaren baitan, Soraluzeko udalak haurrek eta nerabeek herritar eta subjektu aktibo gisa dituzten eskubideen aldarrikapenarekin bat egiten du.
Pertsona osoak dira eta beharrak, sentimenduak eta iritziak dituzte. Hori horrela, Udalak erdigunean jarri nahi ditu, subjektu aktibo gisa dagozkien maila guztietako eskubideak aitortuz.
Maitatuak eta zainduak izateko eskubidea, osasun-arreta eta elikadura egokia jasotzeko eskubidea, jolas egiteko eskubidea... Horiek guztiak eta gehiago dira haurrek dituzten eskubideak eta helduoi, administrazioei, eskubide horiek benetakoak izan daitezen bermatzea dagokigu.
Egun honetan, UNICEF Euskal Herriko Batzordeak mahaigaineratzen duenaren aritik, ez dugu ahaztu behar haurrek eta nerabeek hainbat arazori aurre egin behar dietela egunez egun, besteak beste ondokoei: indarkeria, pobrezia eta azken krisi ekonomikoek areagotutako desberdintasunak, krisi klimatikoa, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak, Palestinako egungo gatazka larria eta aipatu gabe utzi diren beste hainbat larrialdi ere; munduan zehar milioika pertsonaren bizitza-eskubidea, eta bereziki haurrena, arriskuan jarri eta jartzen jarraitzen dutenak.
Haurren eta nerabeen eskubideak lortzen direla ziurtatzea gai kolektibo bat da, nahitaez bete beharrekoa; aurre egin beharreko erronkek erantzun koordinatuak eta mailakatuak eskatzen dituzte, maila globalean, nazionalean, eskualdekoan eta tokikoan. Horregatik, funtsezkoak dira administrazio publiko guztien aldetik ꟷgure kasuan tokiko gobernuen aldetikꟷ hartzen den konpromisoa eta egiten den inbertsioa.
Soraluzeko udaletik ez gara errealitate horretatik kanpo geratzen. Horregatik, haurrengan inbertsio handiagoa eta eraginkorragoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, honako helburu hauek lortzeko behar diren baliabideak sustatuz:
- Haur eta nerabe bakoitza balioetsi, errespetatu eta ondo tratatzen dela bermatzeko, tokiko erakundeak sozialki inklusiboak diren gune gisa bermatzea; haurren eta nerabeen gaitasunak bultzatzeko, diskriminazioaren aurka borrokatzeko ꟷdiskriminazio soziala, ekonomikoa edo generokoa izanꟷ eta beren potentzial guztia lortzeko aukera bat eskaintzeko, besteak beste haien adina, sexua, gaitasun fisikoak edo mentalak, jatorria edo egoera ekonomikoa edozein izanda ere.
- Haur eta nerabeen ahotsak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartzea udaleko erabakietan; Haur eta nerabeen kontseiluaren bidez eta bestelako guneen bitartez.
- Haur eta nerabe guztiek kalitatezko funtsezko zerbitzuak izatea eta hori posible izan dadin neurriak hartuz eta baliabideak eskainiz.
- Haur eta nerabe guztientzat babes-inguruneak sortzen laguntzea, arrisku-egoeren eta indarkeria-egoeren aurrean babestuko direla bermatzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta arlo desberdinekin koordinatuta.
- Haurren eta nerabeen eskubideak maila globalean bultzatzea eta sustatzea une oro.
Horregatik, adierazpen honen bidez gure konpromisoa adierazten dugu Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiok.