Haur eta Nerabeen Kontseiluak ikasturteko azken bilerak egiten dihardute

Haur eta Nerabeen Kontseiluak ikasturteko azken bilerak egiten dihardute

2024/05/21
Haur eta Nerabeen Kontseiluek ikasturteko azken bilerak egingo dituzte aste honetan eta hurrengoan; kontsultarako organoak dira eta herriko gaztetxoen ikuspuntua politika publikoetan txertatzea dute xede.

Haur eta Nerabeen kontseilu bana sortu zituen Soraluzeko Udalak duela urte bi, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin. Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean burutzen dihardu udalak.

Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.

Ikasturtean zehar hirutan batzen dira kontseilukideak, eta azken bilerak gaur, maiatzak 21, eta datorren asteazkenean, maiatzak 29, egingo dituzte. Bileran, kontseiluak osatzen dituzten ikasleekin batera, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak eta hainbat teknikarik hartuko dute parte.

Herriko jaiak eta herria hobetzeko proposamenak hizpide

Bi gairen bueltan arituko dira gaztetxoak azken bilera hauetan: Herriko jaiak eta herria hobetzeko proposamenak.

Udalak herriko jaiak antolatzeko ideiak ematea eskatu zien kontseilukideei eta hauek beren gustuko hainbat ekitaldi proposatu dituzte, zeintzuetatik batzuk aurtengo jaietako programan jasoko diren.

Halaber, Kontseiluen bileretan beti uzten da tarte bat gaztetxoek herria hobetezeari begira izan ditzaketen iradokizun, kexa eta proposamenak egin ditzaten. Urteko bigarren bileran eman zitzaien horretarako aukera eta aste honetako bileretan proposamen horien erantzunak jasoko dituzte Unai Larreategi alkatearen eta Maite Quintanilla Haur eta Gazteen Saileko batzordeburuaren eskutik.

Kontseiluak udazkenean bilduko dira berriro, beste gai batzuei buruzko proposamenak lantzeko, udalak proposatutakoak zein haur eta gazteek ekar ditzaketenak.

Udala eskertuta

Udalak bihotzez eskertu nahi du Kontseilua osatzen duten ikasleek zein beren gelakideek ikasturtean zehar egindako lana eta helarazitako proposamenak, zeintzuk oso-oso baliagarriak diren herria hobetu ahal izateko.