Txosten ekonomikoa 2021
Soraluzeko Udalak Gaztematikaren (Haur eta Gazteen Sustapenerako Gipuzkoako Sarea) 2021eko TXOSTEN EKONOMIKOA jaso berri du. Foru Aldundiaren Gaztedia Sailak urtero egiten du txosten hau udaleko bidaltzen dizkieten datui ekonomikoak oinarri moduan hartuta.
Txosten horren arabera, Soraluzeko Udalak 230.953 euro bideratu zituen 2021ean haur eta gazteen arloko politiketara, 200,54 € haur bakoitzeko. Hori horrela, 2.500 biztanletik gorako Gipuzkoako hirugarren udalerria da Soraluze haur bakoitzeko urteko inbertsioan, Hondarribiak eta Oñatik bakarrik inbertitzen dutelarik gehiago.
Patricia Borinaga Udaleko Haur eta Gazteen Arloko arduradunaren arabera, "txosten honek agerian uzten du Soraluzeko Udala arlo horri ematen ari zaion garrantzia. Garrantzi hori islatzen da bai haur bakoitzeko inbertsioaren urteko hazkundean (2020an 183,04 €izatetik 2021ean 200,54 €izatera igaro da), bai arlo horrek 2016az geroztik izan duen aurrekontu-hazkunde garrantzitsuan. Izan ere, azken urte hauetan aurrekontu-igoera horri esker, nabarmen hobetu dira haur eta gazteentzako udal-zerbitzuak, haurrentzako hainbat espazio publiko berritu dira eta udalerriko haur eta nerabeentzako gune berriak sortu dira".
Soraluzeko Udalak azken bi legegintzaldietan egin dituen jarduera garrantzitsuenen artean honako hauek daude:
- Ludotekan eta Gaztelekuan lan egiten duten pertsona guztien lan- eta soldata-baldintzak egokitzea, zerbitzuen lizitazioaren bidez.
- Udal ludotekan eta Gaztelukuan Gabonetako eta Aste Santuko aisialdi-programazio berezia abian jartzea.
- Udal ludoteka handitzea, sukaldea eta barruko bainugela jarrita.
- Udal Gaztelekurako gune propioa sortzea.
- Estaziño kaleko haurrentzako parke berria.
- Arrizabaleta (Ezozia etorbidea) eta Errekaldeko haur-parkeen berrikuntza integrala.
- Kalistenia parke berria Txurrukenen.
- Skate Park berria, lehengo eremuan.
- Plaentxi Herri Ikastetxeko patio berria
Horrezaz gainera, 2022an zehar, Udalak hainbat jarduketa egingo ditu udalerriko hainbat espazio publiko hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Jarduera horien artean egongo dira:
- Kiroldegiaren estalkian hormigoizko bankuak eta iturria jartzea.
- Etxaburueta kalean dagoen parkea berritzea (petankaren parkea).
- Iñazibarreko gunean (Soraluze-Bergara bidegorria) haur-tirolina bat jartzea, hainbat mahai eta jarlekurekin batera.
Patricia Boriganak azaldu duenez, "Gobernu Talde honetan badakigu txosten honetako datuak oso onak diren arren, oraindik ere badaudela egin eta hobetu beharreko gauzak, batez ere nerabezaroaren premiei dagokienez, eta, horregatik, zuzentzen dudan arlo honetatik lan egiten jarraituko dugu, ahalik eta adostasun handienarekin, gure udalerriko haur, nerabe eta gazteen zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzen jarraitzeko".