Gipuzkoaren etorkizuna zure esku

Gipuzkoaren etorkizuna zure esku

2022/02/23
Aldundiak herritarrak gonbidatzen ditu Gipuzkoaren etorkizunari buruz dituzten kezkak eta proposamenak partekatzera; Etorkizuna Eraikiz kapsula Soraluzen izango da ostiral honetan.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko Etorkizuna Eraikiz kapsula otsailaren 25ean jarriko da herrian, ekimenaren hirugarren fasearekin jarraituz. Eider Mendozak, gobernantza diputatuak, kapsula bisitatuko du, herritarrak kapsularen ekimenean parte hartzera animatzeko. Helburua Gipuzkoa 2040an nola irudikatzen duten ikustea da, lan-ildoak identifikatu ahal izateko eta interes sozialak agenda publikoan txertatzeko.

Kapsula Soraluzeko Plaza Berrian jarriko da otsailaren 25ean eta 10:00 – 19:00 bitartean bertan izango da. Oso modu interaktiboan planteatutako partaidetza dinamika horri esker, herritarrek beren ekarpenak egin ahal izango dituzte, beren proposamenak, ideiak edo kezkak erakutsiz. Ekarpenak egin ondoren, loreontzi txiki batekin eta hazi batzuekin joango dira, eta, lurperatu ondoren, landare bihurtuko dira. Herritarrek lurraldearen etorkizunarekin duten konpromisoaren garrantziaz ohartzeko ariketa da hau, eta bakoitzaren lanak ematen dituela sinbolizatzeko modu bat.

Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan dagoen gobernantza kolaboratiboa sustatzeko asmoz sortutako ekimen parte-hartzailea da. Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronken inguruan gizarte-erantzukizuna sortzea, eta herritarrekiko lotura sortzea erronka horiek elkarrekin konpontzeko; horregatik da garrantzitsua herritarren parte-hartzea.

Kapsularen lehen bi itzulietan herritarrek emandako erantzuna adierazle bat izan da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat: lurraldeko biztanleak prest daude etorkizuneko erronken inguruan parte hartzeko eta iritzia emateko. 18 herri eta hirigune eta 4 unibertsitate bisitatu ondoren, Gipuzkoako gizartearen 2.500 ekarpen inguru jaso ditugu. Garrantzitsua da herritarren laguntza izatea lehentasunak zehazteko eta proiektu eta politika publikoak antolatzeko. Haien iritzia ezagutzea eta parte hartzeko moduak ezartzea oinarrizkoa da kudeaketa hobetzeko, eta, are garrantzitsuagoa dena, mesfidantza gainditzeko eta lankidetza-prozesuak bultzatzeko, gehiengoaren mesedetan.