Aranzadiko Historiaurreko Arkeologia Saileko kide den Jesus Tapia ikerlariak mendigaineko Gizaburua trikuharrian burutzen ari diren indusketa arkeologikoez jardungo du ostegun honetan.
Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko eta balioan jartzeko helburuarekin azken urteetan eskualdeko udalek Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez aurrera eramaten ari diren lanen artean garrantzia berezia dauka Gizaburua tumuluaren indusketa eta berrinterpretatze lanei dagokionak.
Ostegun honetan, orain arte bertan egindako lanen eta aurten egingo direnen berri emango du Jesus Tapia ikerlariak arratsaldeko 6etan Herri Antzokian egingo duen hitzaldian.
Jesus Tapiak azalduko duen moduan, ikerketaren helburua Gizaburuako tumuluaren egitura arkitektonikoa eta bere baitan duen edukia ezagutzea da, ondoren, hori guztia balioan jartzeko.
2016an egindako indusketek Gizaburua elementua trikuharri bat zela erakutsi zuten. Ordura arte tumulu (hilobi bat estaltzeko erabili ohi zen harri-multzoa) soil bat bezala zegoen katalogatuta, baina ez zen ezagutzen zein hilobi-mota gordetzen zuen azpian. Iaz, hilobiaren ganbara aurkitu zuten Aranzadiko kideek. Hala, trikuharria zela baieztatu ez ezik, azken aldiz erabilia izan zeneko arrastoak ere aurkitu zituzten.
Adituen esanetan, Gizaburua trikuharriaren azken erabilera hori kremazio-erritu batekin lotuta dago, erraustutako giza hezurrak eta zeramikazko ontzi baten zatiak aurkitu baitziren bertan.
Gizaburua trikuharriaren azken erabilpen hori Azken Brontze Aroan edo Burdin Aroan (K.a. 1.200-700 urte) kokatzen dute adituek, trikuharri horretan garai hori baino lehenagoko piezak aurkitu badituzte ere.
Egingo diren hurrengo ikerkuntza lanen helburua trikuharriaren azpia arakatzea eta antzina beste erabilpenik eman zitzaion ezagutzea da, adituek uste baitute Neolito (4.500-2.500 urte k.a) eta Antzinako Brontze Aroen bueltan (2.000 urte k.a) koka litekeela aipatutako megalito hau.
Jesus Tapiarekin batera Iker Aldazabal, Soraluzeko Alkatea, izango da osteguneko saioan, eta Dolmenen Ibilbidearen 2017ko lan-plangintzan berri emango du.
Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkartea)
Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Filosofia eta Letretako lizentziatua (Historia espezialitatea) Granadako Unibertsitatean (1996). Hainbat indusketatan eta arkeologia-lanetan parte hartu du Aranzadirekin 1993tik. 2002tik Aranzadiko Kide Aktiboa eta Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea da.
Burututako lanek eta kolaborazioek Euskal Herriko Historiaurrearen arloari eta Kantauriko eremuari erreparatu diote batez ere, baina beste gai batzuetan ere parte hartu du, adibidez, Erdi Aroko eta Aro Modernoko Arkeologian edo Gerra Zibileko zein Gerraosteko hobi komunen desehorzketan. Sirian eta Argentinako Patagonian garatutako nazioarteko ikerketa-proiektuetan parte hartu du.
2003tik, bere ikerketa-proiektuak zuzendu ditu Aranzadiko kide den aldetik, aire zabaleko historiaurreko aztarnak aurkitzera eta Gipuzkoako historiaurrean gutxi azaldutako aldiak ikertzera bideratuta. Donostialdeko eremuan burututako aire zabaleko prospekzioak edo Lasturko (Deba) Linatzetako aztarnategi mesolitiko-neolitikoaren egungo indusketa dira nabarmendu beharrekoak.
Bere didaktika- eta dibulgazio-jardueretan, aipatzekoa da Europako Arku eta Propultsore bidezko Tiro Lehiaketaren ekitaldietan parte hartu duela, nola Errenterian (Gipuzkoa) hala Hoz de Aneron (Kantabria), baita historiaurreko teknologiaren erreplikak eta tailerrak egitea ere.