Gazte langabeentzako tailerrak
Debabarreneko Udalek, Debegesa eskualdeko garapen agentziaren bitartez, Txertatu Merkatuan egitasmoaren bigarren edizioa abiatu dute. Egitasmo hau Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da, Europako Gizarte Funtsak %91,89an finantzaturik dago eta Garapenek koordinatzen du, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin.
Txertatu Merkatuan egitasmoaren helburua da ikasketak utzi dituzten eta langabezian dauden 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei gizarte- eta lan-aktibazioko jardueretan parte hartzeko aukera eskaintzea, benetako lan-esperientziak izan ditzaten.
Egitasmo berritzailea da, partaideen ezagutza eta trebetasunak hartzen dira oinarritzat lan-profil bat eraikitzeko. Helburua da gazteen motibazioa lantzea eta autoestimua areagotzea, horretarako ikasgela tradizionalean erabiltzen ez diren metodologien bitartez.
Txertatu Merkatuan programak gazteen profil eta premiei egokitutako ibilbidea proposatzen du eta bi fasetan garatzen da: Egokitu eta Trebatu.
Egokitu izeneko lehenengo fasea gizarteratze eta lan-aktibaziorako laguntza-prozesuaren hasiera da. Programak gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesu bat hasten du eta bakarka zein taldean lan eginez parte-hartzaileen lan-profila eraikitzea du helburu.
Bigarren fasean, Trebatu izenburupean, gazteek prestakuntza tailerretan parte hartuko dute, enpresetan praktikak egiteko aukerarekin. Debabarrenean hurrengo ikastaro hauek eskainiko dira, otsailean eta martxoan hasita:
-
Estaldurako eta Pinturako ikastaroa. Otsailaren 12an hasiko da, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutuan.
-
Elikagaiak eta edariak zerbitzatzeko eta edariak prestatzeko oinarrizko teknikak. Otsailaren 12an hasiko da, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutuan.
-
Biltegiko Jarduera Lagungarriak. Martxoaren 5ean hasiko da, IMH Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan.
Izen-ematea doakoa da. Parte hartzeko interesa duten guztiek informazio gehiago eskura dezakete Debegesaren webgunean, www.debegesa.eus, 943 82 01 10 telefonora deituz edota idazkaritza@debegesa.eus epostara idatziz. Halaber, Debegesaren bulegoetara hurbil daitezke, Eibarko Azitain industrialdean.