Gaztañerre azoka bertan da; datorren zapatuan egingo da

Gaztañerre azoka bertan da; datorren zapatuan egingo da

2024/11/05
Datorren zapatuan, azaroaren 9an, egingo da Gaztañerre azokaren XXVIII. edizioa; goizeko 10etan hasi eta iluntzera arteko egitaraua betea prestatu dute antolatzaileek.

Urteko egun seinalatua eta kuttuna da Gaztañerre soraluzetarrentzat; aurten ere, urteroko zitari hutsik egin gabe, egitarau oparoa prestatu dute Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak.

Urtero egin ohi den bezala Erregetxen baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai goizeko 10etatik eguerdiko 2ak arte. Horrez gain artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte.

Animali ezberdinak ikusteko aukera

Mingain urdinaren gaitzaren ondorioz zalantzan egon diren arren, txertoak emango direla baieztatuta, ganadua ere ikusgai egongo da azkenean Erregetxen. 

Soraluzeko baserrietan hasitako ganadu desberdinak ikusi ahal izango dira: Tudankak, Pirenaikak, Limusinak, Suizak, Angus Hereford…) baita Suffol ardiak eta Boer ahuntzak ere. Honako baserrietatik ekarriko dute ganadua: Iraolabeitia, Ozuma-Gain, Itxasoi, Iraolabeitia, Barrenetxe, Arizaga, Iraola Etxeberri, Barrenetxe, Iraolabeitia, Iriarte Gain eta Untzeta. Gainera, Barrenetxe baserriko asto eta txerriak eta Guenetxetxoko antzarrak ere egongo dira ikusgai.

Bertako produktuak, artisauak eta jan-edana

Azoka goizeko 10etan irekiko da txalapartariarekin, eta jarraian kalejira egingo da txistulariekin eta trikitilariekin.

Baserrietan ekoizten diren produktuekin etorriko direnak, hain zuzen ere barazkiak, frutak, gazta, ogia… honakoak izango dira: Arizaga eta Lezarri. Bestalde Egotza Baserriko Nagore Martinek ahuntz gazta salgai izango du eta Lizagasar Sagartokixa sagarretik ekoizturiko produktuak saltzen egongo da (sagardoa, sagar zukua, ozpina, ermelada, sagar purea, sagardo patarra …). Horrez gain Nagore Dorronsorok eztia saltzen edukiko du.

Soraluzeko artisauak ere izango dira azokan, hainbat material motarekin (zumitza, larrua, egurra, oihala...) egindako lanak erakutsi eta saltzeko. Besteak beste, Julen Mendikute, Arrate Lizarralde, Txaro Fernández, Kristina Albisua, Nuria Muro, Andoni González, Saadia Nasir, Amaia Amor, Antxon Fresnedo, Lorea Calles, Susana Durán, Maite Iñurrieta eta Edurne Garatek izango dute postua azokan.

Juan Kruz Arizagak aintzinako aroztegiko tresnen erakusketa bat ere egingo du.

San Andres auzoko baserritarrek txerri sahieski erre pintxoak, txorixo egozia eta hirugiharra salgai jarriko dituzte. Baita ere Soraluzeko baserrietan egiten den sagardo lehiaketa antolatu dute. Guztira 7 baserrik parte hartuko dute: San Martzial, Barrenetxe, Ozuma, Argarate, Mendotz, Boskoitxi, Zabale baserria.

Omenduak eta anaiarteko bazkaria

Aurtengo omenduak San Andres auzoko Mari Carmen Aranberri Arano, Moises Arizaga Larrañaga, Jesus Arizaga Larrañaga eta Maria Jesus Laskurain Aranberri izango dira.

Aurtengo anaiarteko bazkaria azoka egunean bertan ospatuko da Soraluzeko Txurruka Jatetxean Lizaso eta Egaña bertsolariek eta Unai eta Oier Larreategi trikitilariek alaituta.