Gaztañerre azoka bertan behera

Gaztañerre azoka bertan behera

2020/09/28
Aurten ez da Gaztañerre azokarik egingo; horrela erabaki zen joan zen astean Udalak parte-hartzaileekin batera egin zuen bileran, COVID-19aren zabalpena ekiditeko neurri moduan.

Joan den ostegunean, hilaren 24an, bilera egin zuten udaletxean Udal ordezkariek eta Gaztañerre azokan parte hartzen duten baserritarrak.

Bilera horretan azaroaren 14an ospatzekoa zen aurtengo azoka bertan behera uztea erabaki zen, egun horretan herrian izaten diren jende pilaketek eta, ondorioz, COVID-19a zabaltzeko arriskua ekiditeko helburuarekin.

Azokaren alternatiba moduan, eta Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Departamentuak egindako proposamena aintzat hartuz, bileran izan zirenek  hemendik eta urtea amaitu arteko asteburuetan azoka desberdinak antolatzea erabaki zuten, Plaza Zaharreko karpa erabiliz horretarako.

Alkateak adierazi duenez, "etorriko dira garai hobeak eta ea posible den hurrengo urtean, berriz ere, Gaztañerre azoka antolatzea gure baserritar, abeltzain eta artisauen erakustoki bezala".