Gastezko erailketa matxistaren gaitzespena

Gastezko erailketa matxistaren gaitzespena

2023/05/30
Udalak gogor salatzen du Gasteizen larunbatean eman zen erahilketa matxista eta emakumeeen aurka erabiltzen den indarkeria oro giza eskubideen urraketa onartezintzat jotzen du.

Soraluzeko Udalak gogor gaitzetsi du Gasteizen bere bikotekide ohiak 3 urteko alabaren aurrean hil zuen Maialen Mazonen hilketa.

Soraluzeko Udalak gogorarazi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela erakusten, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen baita horien hazkuntza.

Emakumeen aurkako indarkeria, forma guztietan (psikologikoan, ekonomikoan, fisikoan, sexualean), emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasunaren ondorio, eta haien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriz ere  erakundeek eta euskal gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ildo horretan, gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu etorkizuna diren gure herritar gazteenekin.

Hori ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoaren arazoa da. Denok nahi dugun berdintasun hori lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu.

Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna adierazten du.