Gabon-garaia ekitaldi ugariz beteta dator Soraluzera
Plaentxia.eus

Gabon-garaia ekitaldi ugariz beteta dator Soraluzera

2024/12/19
Adin guztietako herritarrek gozatzeko ekitaldiak izango ditugu Gabon garaian Soraluzen. Denetariko ekitaldiak; herri partaidetzaz osatuak eta kalitate bikainekoak.

Urteroko legez, adin eta gustu guztietarako ekitaldiz beteta dator Gabon-garaia Soraluzera; ekintza horiek herritarrek beraiek antolatutakoak zein herri-partaidetza prozesuen bidez, udalak eta herritarrek eskuz esku, antolatutakoak dira. 

Gabon-garaiko agenda osorik ikusgai dago, hemen.

Bertan klik eginda, hainbat ekitaldiko sarrerak online erosteko aukera ere aurkitu daiteke.

Herritarrak antolatzaile

Herritar taldeek antolatutako ekintzen artean nabarmentzekoak dira Pilota Eskolak antolatutako ikasleen pilota partidak eta Soraluzeko Artisauek urtez urte antolatutako Gabonetako Artisau azoka.

Udalaren eta herritarren arteko lankidetza

  • Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera

Goizeko 11etan egingo zaie harrera, Plaza Berrian, Pil-pilean Euskara Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak eta Udalak antolatutako ongietorri ekitaldiaren bitartez.

Ekitaldian, Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, Galtzagorri bihurriak eta herriko hainbat eragilek hartuko dute parte; besteak beste, Urrats Dantza taldeko kideak, txistulariak, Musika eskolako trikitilari eta panderojoleak, irrintzilariak, txalapartariak, Atxolin Guraso Elkarteko kideak, Kukumixoko hezitzaileek eta Gaztelekuko gaztetxoek. Aurtengoan sorpresaz beteta datoz Galtzagorriak eta pertsonaia berri bat ere izango dugu gure artean "Kattalin" izenekoa.

Ongi etorri berezia egingo zaie Plaza Berrian eta ondoren, idiek gidatutako gurdian joango dira Olentzero eta Mari Domingi, trikitilarien doinuan herrigunea zeharkatzeko (Ezozibideko biribilguneraino eta buelta berriz Zubi nagusira). Bidean zehar, gune ezberdinetan, gabon kantak abestuko dituzte, Galtzagorriek gidatuta eta trikitilarien musikaz lagunduta. Antolatzaileek herritar guztiak, haur zein helduak, gonbidatu dituzte kalejiran parte hartzera; dena dela, protagonista nagusi izango dira herriko umeak eta lehen lerroan haiek joatea indartu nahi dute antolatzaileek. 

Behin kalejira amaituta, gutun jasoketa egingo dute kiroldegiko frontoian. Haurrak, txikienetatik hasita, eta adinka, gutunak ematera hurbilduko dira Olentzero eta Mari Domingirengana eta bueltan oparia jasoko dute.

Kalejira ostean, gutunak jasoko dituzte Kiroldegiko frontoian. Bertan txikienetatik hasita, adinez adin, gutunak ematera hurbilduko dira Olentzero eta Mari Domingirengana eta bueltan oparia jasoko dute.

Horretaz gain, Kukumixo aisialdi taldeko kideek itxaronaldia arintzeko jolasak eta txorixoa, gazta, salda eta edatekoak ipiniko dituzte.

Soraluzeko Udaleko Ingurumen Batzordeak bigarren eskuko azoka antolatu du aurtengo gabon-sasoian, abenduaren 28an, hain zuzen ere. Erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizi bat eman eta modu kontzienteagoan kontsumitzea du helburu azokak.

Antolatzaileek herritarren eskaria aintzat hartuta antolatu dute aurten azoka, eta soraluzetar guztiak animatu nahi dituzte bigarren eskuko azokan parte hartzera, izan erosle moduan, zein saltzaile gisa.

  • San Silbestre herrikoia

Kirol Mahaiak urteko azken eguna kirola eginez ondo pasatzen igarotzeko porposamenetik abiatzen da San Silbestre herrikoi eta ez lehiakorraren antolaketa. Edozein adinetako herritar orok parte har dezake lasterketan, eta ez da izen-emate edo dortsalik banatuko.

Ibilbidea 4 kilometrokoa da, bost itzuli emango zaizkio herriguneari, baina ez dago guztiak egin beharrik, edozein momentutan sartu daiteke korrikalarien taldetxora.

Antolatzaileek parte hartzera animatzen dituzte soraluzetarrak.

  • Errege kabalgata

Urteroko legez, Betiprest aisialdi taldeak Errege kabalgata antolatu du aurtengo Gabonetarako. Errege Magoek herriguneko kaleak zeharkatuko dituzte zaldiz, eta ostean, eliz atarian gutunak jaso eta opariak banatuko dituzte etxeko txikienen artean.

Musika ere bai

Ospakizun guztietan ohi denez, musikak ere bere lekua izango du Gabonetako ospakizunen artean. Herriko eragileekin, Ezoziko Ama abesbatzarekin eta bertSora bertso eskolarekin, hain zuzen ere, antolatu dira kontzertua eta bertso-saio musikatua.

Ezoziko Ama abesbatzak Oskarbi taldearen batera kontzertua eskainiko du urtarrilaren 4an, Kiroldegiko pilotalekuan. Sarrerak 7€ren truke eskura daitezke online, bibe.me atarian edo aurrez aurre udaletxeko harrera bulegoan edo txarteldegian, kontzertua hasi baino orduerdi lehenago.

Bertso-saio musikatua berriz, abenduaren 28an egingo da Herri Antzokian. Punta-puntako bertsolari eta musikariek parte hartuko dute bertan eta sarrerek 8€ balioko dute. Sarrera eskuratzeko online, bibe.me atarian, Iratxon edo txarteldegian lor daiteke, kontzertua hasi baino orduerdi lehenago.

Haurrak, nerabeak eta familiak protagonista

Herritar gazteenek ilusio bereziz bizi izaten dituztenez datozen jaiegunak, haintzako ekintza ugari antolatu dira hainbat eragileren eskutik:

  • Haur zinema: "Zutik" (Atxolin Guraso Elkarteak udalarekin elkarlanean)
  • GuayPaut: Tiobiboa (Bizikale Elkarteak)
  • Ludoteka eta Gaztelekuko txangoak eta jolas-tailerrak
  • Haur parkea (Atxolin IGE eta Kukumixo Aisialdi taldeak)
  • 2 ikuskizun berezi: Monda eta Lironda pailazoak eta Hodei Magoa