Gabolatseko zubi berriko obrak direla eta, mozketak oinezko eta ibilgailuentzat

Gabolatseko zubi berriko obrak direla eta, mozketak oinezko eta ibilgailuentzat

2025/01/07
Uholde-arriskua murriztuko duen Gabolatseko zubi berriko obrak bihar, urtarrilaren 8a, eguaztena, hasiko dira; mozketak eta trafikoan aldaketak izango dira oinezko zein ibilgailuentzat.

Duela bi urte, 2023an, aurkeztu zuen Soraluzeko Udalak URA-Uraren Euskal Agentziarekin batera Gabolatseko zubia ordezkatzeko proiektua, uholde-arriskua murriztea helburu hartuta. Lanak bihar hasiko dira, urtarrilaren 8an, eguaztenez, eta aurreikusten da abuztura arte luzatuko direla.

Proposatutako proiektuaren arabera, zubi berriak ez du euskarririk izango ibilguan eta egungo zubiarekin alderatuta 53 cm altxatuko da taularen oinarria. Horrela, ur-laminaren goratasuna nabarmen murriztuko da uraldietan. Zehazki, Gabolats zubia ordezteak 50 urteko errepikatze-denborako uralditik —Soraluzerako zehaztutako defentsa-helburua— zubiaren eta Malmero presa txikiaren arteko tartean dauden etxebizitzak defendatzea lortuko du.

Mozketak eta moldaketak

Gabolatseko zubiko lanak hastearekin batera moztuko da zubia oinezko zein ibilgailuentzako. Ondorioz, oinezkoek ezingo dute zubia erabili eta ibilgailuentzako trafikoan ondorengo aldaketak izango dira:

  • Baltegieta kaleko 22, 24 eta 26 zenbakietako garajeetara sarrera-irteerak Baltegieta kaletik egingo dira aurrerantzean, Cañones autobus geltokoaren paretik.
  • Ezozibideko biribilgunetik Gabolatseko zubirako errepidea bi noranzkotakoa izango da arratsaldeko 15:00etatik goizeko 8:00ak bitarte astegunetan, eta egoiliarrek eta garajedunek bakarrik erabili ahal izango dute.
    • Zapatutan goizeko 8:00etatik 12:00etara norantza bakarrarekin egongo da zabalik. Ordutegi horretatik kanpo, bi noranzkotako trafikoa egongo da.
    • Domeketan egun osoz egongo da zabalik bi noranzkotako trafikoa.

Oinezkoen gunea mantentzea lehentasuna

Arestian aipatutako neurriekin hasiko dira Gabolatseko zubiko lanak, behin-behinean, eta neurri egokiak diren ala moldaketak behar dituzten ikusten joango da. Herriguneko oinezkoen eremua bere horretan mantentzea lehentasunezkoa izan da, eta hori dela eta hartu dira neurriok. 

Lanak eta trafikoarentzako zein oinezkoentzako moldaketak abuztura arte iraun eta soraluzetarrengan eragin nabaria izango duten arren, Udalak pazientzia eskatu nahi die herritarrei, sinesten baitu etorriko diren hobekuntzek mereziko dutela.