Gabolats kaleko urbanizazio-lanen hasiera

Gabolats kaleko urbanizazio-lanen hasiera

2018/01/26
Hurrengo astelehenean emango zaie hasiera Gabolats kalean oinezkoei lehentasuna emango dien plataforma bakarreko bidea eraikitzeko lanei; herri barruko trafikoan hainbat aldaketa eragingo dituzte lanek.

Soraluzeko Udaleko Obren eta Herriko Mantentze-lanen Batzordeko lehendakari Iñaki Rubiok jakinarazi duenez, datorren astelehenean, hilak 29, emango zaie hasiera duela hilabate batzuk Udalak iragarri zituen Gabolats kalearen urbanizazio-lanei.

Lehendabiziko lanak obrarako materiala, etxolak eta makinak ekartzea izango da eta, ondorioz, beharrezkoa izango da bertan aparkatuta dauden ibilgailuak erretiratzea.

Lanen hasiera zehatza atarietan ipiniko diren ohar bitartez jakinaraziko zaie bizilagunei.

Lan hauen helburua oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko duten plataforma bakarreko bidea eraikitzea da, oinezkoei lehentasuna emanez; bai eta aparkaleku-gunea berrantolatzea eta irisgarritasun alorreko araudia betetzea.

Horretarako, espaloia eta bidea eraitsi egingo dira, ondoren kale berria maila berean eraikitzeko. Bide batez, bide-zorua altxatu egingo dela aprobetxatuz, ur-horniketa sarea hobetzeko lanak ere egingo dira.

Lanak Construcciones Morga, S.L. enpresak burutuko ditu eta 130.978,92 € + BEZa (27.505,58) euroan adjudikatu ditu Udalak.

TRAFIKOAN ALDAKETAK

Lanak direla eta, ondorengo aldaketak egingo dira trafikoan:

  • Ezozibidea, 2-8 zenbakien arteko tartea bi norabideetan egongo da zabalik.
  • Kalebarren, Plaza Zaharra eta Gabolats kaleen norabidea aldatu egingo da.
  • Gabolats eta Baltegieta kaleetako garajeetarako sarrera Zubi Nagusitik edo Etxaburueta kaletik barrena egingo da, irteera berriz, Gabolatseko zubitik.