Ezozibideko jolas-parkearen adjudikazioa
Udalak amaitu du dagoeneko Ezozibideko Arrizabaleta jolas-parke berria instalatzeko abiatu zuen lizitazio-prozedura; Novatilu enpresa izango da parkea egiteaz arduratuko dena.
Asteon adjudikatu ditu Soraluzeko Udalak Ezozibideko Arrizabaleta jolas-parkea berritzeko lanak.
Horrelakoetan derrigorrezkoa izaten den lehiaketa-publikoa egin ostean, "Novatillu" enpresa valentziarra izango da lanak aurrera eramango dituena.
Parke berriak 153 m2-ko azalera izango du eta jarriko diren jolasak 2 eta 10 urte arteko haurrentzako izango dira.
Hauek dira, zehazki, arestian aipatutako enpresak hurrengo asteetan aurrera eramango dituen lanak:
- Gaur egun dauden haur-jolasak kentzea.
- Haur-jolasen eremuaren luzetarako mugan dagoen egurrezko babes-hesia kentzea.
- Espazio bereko zoladuran kokatzen diren kautxozko plakak kentzea.
- Haur-jolasen parke berri bat hornitu eta kokatzea.
- Haur-jolasen parkearen perimetroko zati baten babeserako hesi berri bat hornitu eta kokatzea.
- Haur-jolasen parkean segurtasunezko zoladura jarrai berri bat hornitu eta kokatzea.
- Lan horietan guztietan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.
Jarriko diren jolasak, aldiz, 5 izango dira:
- Jolas anitzeko dorrea.
- Txirrista.
- Kulunka.
- Trena.
- Zabua.
Parke berriaren adjudikazio-prezioa 21.477,87€ + % 21 BEZa (4.510,35€) izan da.