Euskarazko Produktuen Katalogoa
Haur eta gazteentzako euskarazko ehunka produkturen berri jasotzen duen katalogoa argitaratu du Udalak; %30 merkeago eros daitezke herriko hainbat dendatan.
Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez —aurtengoa 19. edizioa da—, Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
Katalogoak bi bertsio ditu, paperean argitaratzen dena eta elektronikoa.
- Katalogoaren paperezko edizioak azken urte betean euskaraz argitaratu diren produktuen berri ematen du, adin taldeka eta atalka banatuta.
- Katalogoaren www. katalogoa.eus webgunean, aldiz, merkatuan euskaraz aurkitu daitezkeen produktu guztiak jasotzen dira, produktuari buruzko informazio osatuarekin. Webgunea urte osoan zehar eguneratzen da eta argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du, baita paperezko bertsioaren PDFa deskargatzeko modua ere.
Soraluzeko Udalak katalogoaren 300 ale banatu ditu 2-12 urte arteko seme-alabak dituzten familien artean.
Iaz egin zuen moduan, aurtengoan ere deskontu-txartela oparitu die familiei, urtarrilaren 7a arte euskarazko produktuak %30eko deskontuarekin eskuratu ahal izan ditzaten, Iratxo, Arzelus eta Estankoa establezimenduetan.