Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina

Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina

2019/04/02
Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea helburu moduan duen kanpainaren aurtengo edizioa martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean ari da burutzen; hamaika ekintza osagarri antolatu dira.

Martxoaren 18a eta maiatzaren 31a artean dago martxan IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa. Euskaltzaleen Topaguneak hamahirugarrenez abiatu du egitasmoa Pil-pilean Euskara Elkartearekin, Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordearekin, Udal liburutegiarekin eta herriko hainbat dendarekin batera.

Irakurketa sustatzea, euskarazko literatura ezagutaraztea eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea, hiru horiek dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta horretarako prozesu aberasgarri bat eta parte hartzaileentzako abantailak proposatzen dira.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

Irakurri. Lehnengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan  eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.

Kanpainak irauten duen bitartean hainbat kultur ekintza antolatu dira

  • Ipuin kontaketa (Maialen Zubeldia), 4-6 urte arteko haurrentzat. Apirilak 4, 17:00 h., Udal Ludoteka.
  • Ipuin kontaketa (Maialen Zubeldia), 6-8 urte arteko haurrentzat. Apirilak 4, 18:00 h., Udal Ludoteka.
  • Ipuin kontaketa (Kulunkantauri), 8-12 urte artekoentzat. Apirilak 12, 18:00 h., Udal Gaztelekuan.