Euskarazko irakurle taldeko kideak gaur, astelehena, batuko dira

Euskarazko irakurle taldeko kideak gaur, astelehena, batuko dira

2025/03/17
Eneko Bidegainen "Bichta éder" eleberriaz aritzeko bilduko dira gaur, astelehena, martxoak 17, euskarazko irakurle taldeko kideak, Ainhoa Aldazabalek gidatuta.

Euskarazko irakurle taldea gaur, astelehena, martxoak 17, batuko da ikasturteko laugarren liburuaz aritzeko; Eneko Bidegainen Bichta éder eleberriaz, hain zuzen ere. 

Taldeko kideak bi hilabetean behin elkartzen dira, irailetik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; guztira, euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako bost liburu irakurtzen dira. Ikasturtean birritan, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen dute saioetara.

Gaur gaurkoz, hogei lagun inguruk parte hartzen du euskarazko irakurle taldean; izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.

Gaurko hitzordua

Eneko Bidegain Aire (Baiona, 1975) idazle, kazetari eta irakaslearen azken eleberria da Bichta éder (Elkar, 2023). Eñaut Oihenart kazetariak jakin du euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori. Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen jauregiaren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia. Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du, irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua.

Eguna: astelehena, martxoak 17

Ordua: 19:00

Lekua: Udal liburutegia

Irakurle taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.