Euskarazko Irakurle Taldearen saio irekia, Patxi Zubizarretarekin
Euskarazko Irakurle Taldeak saio irekia egingo du gaur arratsaldean, udal liburutegian, Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren "Loak ezkutatzen duena" eleberria hizpide hartuta. Zubizarreta bera izango da saioan hizlari, eta Nerea Loiolak gidatuko du tertulia.
Irakurle Taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.
Euskarazko Irakurle Taldea
Bi hilean behin izaten dute hitzordua irakurle taldeko kideek, aurrez irakurritako liburu baten bueltan eta Nerea Loiola idazle debarrak dinamizatuta. Ikasturteko bost saio izaten dira, eta interesa duen edonork eman dezake izena udal liburutegian. Gainera, bost saio horietatik bitan idazlea gonbidatzen da tertuliara, eta horiek herritar guztiei irekiak izaten dira.