Euskarazko Irakurle Taldearen ikasturteko azken saioa, arratsaldean

Euskarazko Irakurle Taldearen ikasturteko azken saioa, arratsaldean

2024/05/20
Gaur, maiatzak 20, arratsaldeko 19:00etan egingo da Euskarazko Irakurle Taldearen ikasturteko azken saioa liburutegian; Marlen Haushoferren "Horma" eleberriaz arituko dira.

Gaur arratsaldeko saioarekin emango diote amaiera Nerea Loiola debarrak gidatzen duen Euskarazko Irakurle Taldearen 2023-2024 ikasturteari. Irailetik maiatzera bitarte, euskarazko bost liburu irakurri dituzte parte-hartzaileek, euskaraz idatziak zein itzulpenak, eta Uxue Alberdi eta Patxi Zubizarreta idazleen bisita jaso dute saio banatan. 

Gaurko tertulian, ikasturteko azkena, Marlen Haushofer idazle austriarraren Horma eleberria izango dute mintzagai, Naroa Zubillaga itzultzaileak euskarara ekarria. 

Irakurle Taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.

Eguna: maiatzak 20, astelehena

Ordua: 19:00

Lekua: Udal liburutegia

Datorren ikasturteko programazioa

Euskarazko Irakurle Taldearen datorren ikasturteko programazioaren berri datozen asteetan emango da eta interesa duen edonork izango du izena emateko aukera liburutegian bertan.

Bi hilean behin izaten dute irakurle taldeko kideek hitzordua, aurrez irakurritako liburu baten bueltan eta Nerea Loiola idazle debarrak dinamizatzen ditu saioak. Ikasturteko bost saio izaten dira, eta interesa duen edonork eman dezake izena udal liburutegian. Gainera, bost saio horietatik bitan idazlea gonbidatzen da tertuliara, eta horiek herritar guztiei irekiak izaten dira.