"Euskaraz barra-barra", euskararen marka berria

"Euskaraz barra-barra", euskararen marka berria

2024/06/21
Euskal Herriko erakunde publikoek elkarlanean sortu duten "Euskaraz barra-barra" marka berria zabaltzen dihardu egun hauetan Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak herriko establezimenduetan.

Marka bateratu honen helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela establezimendu edo entitate horretan, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egongo delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela.

Zabalpenaren lehen fasea Bizikale Merkatarien Elkartearekin batera egin du udalak eta elkarteko bazkideak dira marka berria eskuratzeko gonbidapena jaso duten lehen establezimenduak. Orain artean hogeik eskuratu dute ziurtagiria.

Udalaren asmoa da apurka-apurka ziurtagiria gainontzeko establezimenduetara zabaltzea. Baldintzak betetzen dituzten establezimendu interesdunek udaleko Hizkuntza Politikaren Departamentuan jaso dezakete marka berriari buruzko informazioa.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Foru Aldundi eta udalekin batera sortu duten gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratu berriak izaera iraunkorra izango du eta euskararen lurralde guztietara zabaltzeko asmoaz sortu da.

Atxikitzeko oinarrizko baldintzak

Barra-barra eskuratzeko gutxieneko baldintza da establezimenduan bezero euskaldunaren mezuak ulertzea; alegia, bezero hori hizkuntza aldatzera ez behartzea.

Establezimendua herritarrentzat irekita dagoen bitartean, beti ziurtatu behar da gutxienez langileren bat egongo dela herritar euskalduna artatzeko. Horrenbestez, barra-barra eskuratzeko baldintza ez da establezimenduko langile guztiek euskaraz ulertzea baizik eta beti egotea bat edo batzuk, ulertzeko edo atenditzeko gaitasuna dutenak.

Eranskailuak establezimenduetan

Establezimenduak kanpainarekin bat egiten duenean, erakusleihoan jartzeko eranskailu handia jasoko du. Eranskailu handiak establezimenduak kanpainarekin bat egiten duela adierazten du.

Marka berria eskuratu duten herriko establezimenduek datorren astetik aurrera jarriko dituzte eranskailuak erakusleihoetan.