Euskaraldiaren izen-ematea ireki da eta Soraluzeko Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera

Euskaraldiaren izen-ematea ireki da eta Soraluzeko Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera

2025/03/18
Euskaraldiaren izen-ematea zabalik dago eta Soraluzeko Udalak dagoeneko eman du izena ariketa sozial garrantzitsu honetan parte hartzeko; Soraluzeko Hamaikakoaren aurkezpena barixakuan egingo da, egitarau berezi batekin.

Aurtengo euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskal Herri osoan zehar. Jada irekia dago izen-ematea, eta link honen bitartez egin daiteke, ahobizi edo belarriprest moduan: izen-ematea

Soraluzeko Hamaikakoaren aurkezpena

Soraluzeko Euskaraldiaren Batzordea pausoak ematen hasita dago eta lehenbiziko ekimena martxan jarri dute: martxoaren 21ean, barixaku honetan, Soraluzen ekimenaren enbaxadore izango den Hamaikakoaren aurkezpen ofiziala egingo da. 

Barixakuko ekitaldian, Hamaikakoa aurkezteaz gain, Azkaiter Pelox Taldeak zuzeneko musika eskainiko du eta dastaketa gastronomikoa ere egongo da: gazta (Egotza), sagardoa, zukua eta tostadatxoak (Lizagasar), txorizo pintxoak etabar.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da; eguraldi ona bada, Plaza Barrixan egingo da, eguraldi txarrarekin, berriz, Plaza Zaharreko karpan. 

Izena emateko gonbita

Euskaldiaren Batzordeak dei egin die Soraluzeko herritar eta euskaltzale guztiei ekitaldira hurreratu daitezen: "Euskaltzaleen festa izango da, elkarrengana batu eta hizkuntz aktibaziorako ekimenari merezi duen bultzada emateko".

Soraluzeko Udalak ere dagoeneko eman du izena erakunde gisa eta ekimenera batzeko deia egin nahi du eta ariketa sozialean izena ematera animatu nahi ditu herritar nahiz eragileak.

Horrekin batera, gogorarazi nahi du euskara indarberritu eta euskaldunak ahalduntzeko bidean Herriko Euskara Plana egiteko 3. hitzordua martxoaren 26an, eguaztena, izango dela.