Euskaraldiaren ikerketaren ondorioak

Euskaraldiaren ikerketaren ondorioak

2019/10/11
Euskaraldiaren ikerketak ondorioztatu du "nabarmen astindu zituela" parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan; hurrengo edizioa 2020an egingo da.

Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko milaka lagunek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest roletan, hizkuntza ohiturak aldatu eta beraien inguruko harremanetan euskararen erabilera handitzeko helburuarekin.

Egun hauetan egin dira publiko Pello Jauregi eta Uxoa Anduagak zuzendu duten euskaraldiaren ikerketaren ondorioak.

Azterketaren emaitzak

Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen” bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien. Horixe da Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz emaitzen azterketatik atera den ondorio nagusietako bat.

Euskaraldiak iraun zuen egunetan parte hartu zutenen euskararen erabilerak %22 egin zuen gora; handik hiru hilabetera igoera %5ean mantentzen zen.

Ikerketak Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea izan du xede. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin da, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtu dituena. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira, guztiak ere e-mail bidez igorri direnak.

Antolatzaileek bidearen garrantzia nabarmendu dute: “Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua”.

Hurrengo edizioa

Ariketa sozialari dagokionez, formatua bera izango da, ahobizi eta belarriprest rolekin. Oinarria norbanakoak izango dira, baina entitateek ere garrantzia izango dute. "Bereziki norbanakoei zuzendutako ariketa izango dena arren, entitateek presentzia handiagoa hartuko dute, zeregin gehiago izango dituzte egun horietan, eta bertako langileak beste modu batera aktibatu beharko dituzte entitateek, gune ezberdinak sortuz, barruan ere ariketa soziala egin ahal izateko".

Helburuak berdinak izango dira, eta batzuk gehituko zaizkie: "Entitate barruko funtzionamendu berrirako helburu batzuk gehiago izango dira, baina oinarria ez da aldatuko: hizkuntza ohiturak aldatzea".

2020ko udazkenean egingo da eta 11 egun beharrean, 15 izango dira, azaroaren 20tik abenduaren 4ra.