
Euskara biziberritzeko plana osatzeko azken saio parte-hartzailea egingo da eguazten honetan
Abenduan jarri zuen martxan Soraluzeko Udalak AROA plana diseinatzeko prozesua. Udalerriko testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea da plan horren xedea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko. Prozesuan herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta horregatik, hainbat ekimen jarri ditu abian.
Besteak beste, 220 soraluzetarrek erantzundako galdetegia, herriko hainbat eragile, elkarte eta norbanakorekin egindako elkarrizketa xehe eta sakonak eta herritarrentzako saio irekiak egin dira AROA prozesuan zehar.
Elhuyar Aholkularitza zerbitzua arduratu da parte-hartze prozesua gidatzeaz eta hark dinamizatu ditu herritarrekin egindako saioak.Urtarrilean egin zen lehena, otsailean bigarrena eta datorren eguaztenean, martxoaren 26an, emango zaio amaiera parte-hartze prozesuari hirugarren eta azken saioarekin: arratsaldeko 17:30etatik 19:30era, Udalbatza Aretoan.
Herritar orori irekia
Azken saioa eguaztenean egingo da, herritar guztiek parte hartzeko modukoa izango da, eta antolatzaileek soraluzetar oro animatzen dute parte hartzera. Bertan plana zehazteko azken jarduerak egingo dira eta, ondoren, datozen hamar urtetarako urtetarako herri plana osatuko da.
Antolaketa errazteko eta saioen funtzionamendu egokirako, izen-ematea jarri da martxan. Horretarako, ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea.