Estazioko haur parkearen inaugurazioa
Hilabeteko lanen ondoren, ostiral honetan zabalduko da estazioko haurrentzako jolas parke berria.
Inaugurazio ekitaldia arratsaldeko 5etan egingo da, festa txiki baten bitartez.
Bertan, udal ordezkariak, prozesua bideratu duen lan-taldeko kideak eta parkea berritzeko burutu den prozesuan parte hartu duten haur, nerabe eta gurasoak hartuko dute parte. PORROTX pailazoa ere bertan izango da, antolatzaileek egin dioten gonbidapenari baiezkoa eman ondoren. Bertaratzen direnek meriendatxoa hartzeko aukera ere izango dute.
Parkeren inaugurazioarekin amaiera ematen zaio iazko apirilean hasitako "Jolasan estaziñua" izeneko parte-hartze prozesuari.
Prozesuaren helburua estazioko parkea zaharberritzea zen, haurren eta gurasoen iritzi eta ekarpenak kontuan hartuta, bai eta parke eredu ezberdinen eta parkeek haurren heziketan duten garrantziaren gaineko hausnarketa egitea.
Parke ezberdina da estazioan eraiki dena, orain artean zeudenetatik oso bestelakoa. Elementu naturalek (enborrak, harriak, harea, belarra...) eta egurrean egindako egiturek garrantzia berezia dute, haurren irudimenari bide ematen dion jolas-eredu berria sustatzeko helburuarekin.
Parkea Azpeitiko Kimu Bat enpresak eraiki du eta 42.618,62 euroko kostua izan du.