Eskola Herritarraren III. asanblada

Eskola Herritarraren III. asanblada

2017/10/02
Hurrengo hilabeteetako eskaintza adosteko asmoarekin, batzarra egingo dute astearte honetan hezkuntza arloko eragile nahiz norbanakoek.

Aurreko ikasturtean bezala, ikasturte honetan ere hainbat formazio-saio eskainiko ditu Soraluzeko Eskola Herritarrak, "Herrixak Hezi. Soraluzeko Hezkuntza Proiektua"-ren baitan.

Motorrak berotzen hasi eta ikasturte berriko formazio eskaintza adosteko, urriaren 3an, asteartea, Eskola Herritarraren III. Asanblada egingo da.

Asanblada honek bi helburu izango ditu: Batetik, orain arte egindakoaren balorazioa egitea (saioen formatua, espazioa…), eta, bestetik, ikasturte honetan jorratu beharreko gaien inguruan hausnartzea, ekarpenak egitea, proposamenak aztertzea eta denon artean aurrerantzean landuko direnen nondik norakoak zehaztea.

Izenak berak dioen moduan, hezkuntza komunitateko kideei formazioa eskaintzea du proiektu honek helburu, dela gurasoei, dela irakasleei, dela asialdiko profesionalei, edota herritarrei oro har, finean guztiak baitira hezkuntza ahaleginaren objektu.

Proiektuaren gidaritza konpartituta da; alegia, hezkuntza arloko eragileek elkarlanean eramango dute aurrera, formakuntza-agenda amankomunaren formula erabiliz eta proiektua koordinatzen duen teknikariaren laguntzaz.

Bilerak irauten duen bitartean haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko da. Berau erabili behar izanez gero soraluzehezkuntza@gmail.com helbidera idatzi behar da edo 664547367 zenbakira deitu.

Argazkia: Plaentxia.eus.