Errenta aitorpena euskaraz

Errenta aitorpena euskaraz

2020/04/08
Herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatu du beste urte batez Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, "Aurten 500 baietz!" lelopean.

Urtero garaitsu honetan egiten duen moduan, aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbidapena egin nahi die Soraluzeko Udalak herritarrei, administrazioarekiko harremanean ere euskararen erabilpena bultzatzeko helburuarekin.

Hori horrela, "Aurten 500 baietz!" izeneko kanpaina abiatu du, orain hasi eta uztailaren amaierara arte luzatuko dena. Izenak ondo adierazten duen moduan, kanpainaren helburua 500 soraluzetarrek aurtengo errenta aitorpena euskaraz egin dezaten lortzea da.

Aurtengo errenta-kanpaina, partzialki bada ere, abian da dagoeneko eta, astelehenaz geroztik, zabalik dago autolikidazioak onartzeko epea; aitorpena internet bidez egiteko modalitatea, aldiz, apirilaren 14an hasiko da. Errenta makanizatua egiteko bulegoak ez dira oraindik zabaldu. Ogasun Sailak adierazi duenez, osasun-krisiak ahalbidetzen duen bezain pronto zabalduko dira.

Aitorpena egiteko moduak

Gaur egun errenta egiteko 3 modu daude, eta guztietan erabili daiteke euskara:

  • Autolikidazio proposamena.

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

  • Mekanizatua.

Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.

Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

  • Internet bidezkoa

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezazu.

Aitorpena egiteko egutegia

Autolikidazio proposamenak onartzea: 2020/04/06tik 2020/07/29ra.

Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: Zehaztu gabe dago oraindik.

Internet modalitatearen epea: 2020/04/15ean hasi eta 2020/07/29an amaitu.