Enpresetako gaikako bilketa
Mankomunitateak birziklatzeko edukiontzi urdinak eskaintzen dizkie, doan, papera eta kartoia bereizteko borondatea erakusten duten enpresa guztiei, eta bilketa astean behin egiten da. Gaur egun, 677 enpresek dituzte Mankomunitateko edukiontzi urdinak.
Enpresek paper eta kartoi kopuru handiak sortzen dituzte, eta batzuk kudeatzaile propioak dituzten arren, gehienek Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzua erabiltzen dute. Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze eta Mendaroko industrialdeetan astelehen gauetan egiten da bilketa eta Elgoibar, Deba eta Mutrikun astearte gauetan.
2019an 404 tona paper eta kartoi bildu ziren, hilean 33.695kg batez beste; 2020an 380 tona jaso ziren, hilean 31.742kg batez beste, eta 2021eko lehen hiruhilekoan 35.623kg jaso ditugu batez beste. 2021eko martxoan 43.520kg bildu dira. Bestalde, papera eta kartoia kanpoko enpresen bidez kudeatzen dituzten enpresek martxoan aurkeztu ohi dituzte sortutako kopuruak: aurten, guztira, 72.953kg bildu direla jakinarazi dituzte.
Mankomunitateak adierazi duenez, "eskertzekoa da gure eskualdeko enpresak gaikako bilketan izaten ari diren inplikazioa; izan ere, industrialdeetako bilketa hobetzea funtsezkoa da 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua betetzeko".
Gaikako bilketa orokorrak gora egin du martxoan
Gaikako bilketa %56,99ra iritsi da aurtengo martxoan, 2020ko martxoan baino %6,19 gehiago. Datuak positiboak badira ere, Mankomunitateak gogorarazi nahi du "iazko martxoan alarma-egoera eta konfinamendua hasi zirela, eta, beraz, hilabete horietako gaikako bilketa ez dela guztiz adierazle egokia bilakaera baloratzeko".
Azpimarratzekoa da, hala ere, 2021eko martxoan, gaika bildutako materia organikoaren hazkunde handia ikusi dela, 444 tonara iritsi arte.