Emakumeen Nazioarteko Eguna

Emakumeen Nazioarteko Eguna

2020/03/06
Adierazpen instituzionala kaleratu dute Soraluzeko Udaleko alderdi politikoek Emakumeen Nazioarteko Egunean; gaurtik hasita, hainbat ekintza antolatu dira egunaren harira.

Igandean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, Adierazpen Instituzionala  kaleratu du Soraluzeko Udalak.

Egun honen inguruan hainbat ekintza antolatu ditu Udaleko Parekidetasun Batzordeak, gaur hasi eta martxoaren 28ra arte.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Ondorengoa da Udaleko alderdi politikoek adostu eta publiko egin duten adierazpena:

Martxoaren 8a 1952an ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak Emakumearen Nazioarteko Egun gisa. Historian zehar beren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituzten emakumeen "grebak" oroitarazten ditu M8ak. Borrokek lege-, gizarte- eta kultura-aldaketak ekarri dituzte, eta gizarteek berdintasun- eta demokrazia-maila handiagoetarantz egin dute aurrera.

Emakumeen borroken garaia, ordea, ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere ezberdintasunak eta diskriminazioak daude emakumeekiko, emakume izate hutsagatik. Diskriminazio hori klase, etnia, adin, kultura, sinesmen, migrazio-estatus, sexu-orientazio, genero-identitate edo gaitasunen bereizkeriarekin gurutzatzen da, besteak beste.

Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berri batek bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor atzean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez, generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria, Garapen Iraunkorraren Helburuetan jasotzen den bezala. Bada garaia berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko.

Horregatik, Soraluzeko Udalak egun honetan:

  • Berdintasun-politikekiko eta emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria mota guztien salaketarekiko konpromisoa berresten du.

  • Adierazi du ekonomia- eta lan-desberdintasunei aurre egitea dela emakumeek autonomia osoz, askatasunez eta eskubide osoz bizitzea eragozten duten desberdintasun eta diskriminazio sozial, kultural eta politikoak amaitzeko oinarria.

  • Adierazten du bere jarrera, bai feminista bai instituzionala, justiziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren printzipioetan oinarritzen dela.

  • Aldarrikatu du egunero martxoaren 8a dela; izan ere, benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren aldaketak egin ahal izateko, eguneroko ekintza sistematikoa behar da, gauden gizarte-egoera guztietan.

  • Adierazi du ezinbestekoa dela errotik etetea emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen guztiak, horiek baitira giza eskubideen aurkako erasorik handiena eta diskriminazio-egoeren adierazpen basatiena. Izan ere, ez dugu nahi beste emakume batek emakume izateagatik inolako indarkeriarik jasaterik. Ez dugulako ezta bat gutxiago ere nahi.

  • Erakunde eskudunek Istanbulgo Hitzarmenetik eratorritako betebeharrak bete ditzatela eskatzen du.

  • Konpromisoa hartzen du Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzeko eta gure udalerrian Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzeko.

Une erabakigarrian gaude emakumeen aurkako taldeen mehatxuekin, eta mehatxu horiei aurre egiteko ezinbestekoa da indarrak batzea, batasunak beti egin dituelako feminismoaren konkista sozial handiak, historiak erakusten duen bezala.

Azkenik, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan aktiboki parte har dezaten.

EKINTZEN EGITARAUA

Ondorengoa da Udaleko Parekidetasun Batzordeak martxoaren 8a ospatzeko antolatuko duen egitaraua:

  • Martxoak 6, ostirala

Poltsikoko antzerkia: “Erradikalak ginen”. 22:15ean, Antzokian. Sarrera: 3 euro.

  • Martxoak 10, asteartea

Dokumentala & Solasaldia: “Zauria(k) Eromena. Gorputza. Feminismoak” (Maier Irigoien Ulaiar, Isabel Sáez Perez, Iker Oiz Elgorriaga); 18.30etan, Antzokian.

  • Martxoak 12, osteguna

Umeentzako antzerki emanaldia: “Mari, Meri eta Lari” (Eidabe). 15:00etan, Antzokian.

Pelikula: “Una cuestión de género”. 21.00etan, Antzokian.

  • Martxoak 28, larunbata

Helduentzako antzerki emanaldia: “Erlauntza” (Vaivén producciones). 20:00etan, Antzokian. Sarrera: 5 euro.

Ondorengoa da Udaleko alderdi politikoek adostu eta publiko egin duten adierazpena: