Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira, adierazpen instituzionala eta elkarretaratzeko deia
Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperetan eta antolatutako ekintza zein elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Adierazpen instituzionala
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren aurkako eguna dela eta Udalok gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean. Azaroak 25 hau beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, gaur egungo joera neomachista, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezuak ugaritzen ari dira. Batez ere gazteengana "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak iristen ari dira.
2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 123 emakume eta 12 haur erailak izan dira Euskal Herrian. 2024an zehar 5 emakume erailak izan dira Euskal Herrian. Aipaturiko diskurtsoen aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena.
Hori guztia kontuan hartuta, Soraluzeko Udalean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez.
- Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea.
Sentsibilizazio-programak garatzen jarraitzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak. - Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako ahalduntze-jarduerak egiten jarraitzea; ahalduntze eskola indartuz.
- Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin. Eta batez ere, mugimendu feminista eta emakumeen mugimenduekin lankidetzan jardutea.
Era berean, Indarkeria Matxistaren aurkako eguna dela eta, hainbat herritan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne.
Halaber, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, astelehena, Indarkeria Matxisten aurkako nazioarteko egunean, Plaza Barrixan 19:00etan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten.
Ekintza ugari azaroan zehar
Soraluzeko Udaleko Berdintasun sailak herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean egitarau oparoa antolatu du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, indarkeria matxistak gizartetik ezabatzeko ekarpena egiten duten jarduera multzoa, hain zuzen ere.
Teilatupean, haur eta familientzako bertso-antzerki emanaldia eta Lide Hernandoren Izotz ura liburuaren inguruko solasaldia egin dira dagoeneko, hala ere, datorren domekan Sugar Queen artistaren kontzertuaz gozatu ahal izango da, Blues Hotsak jaialdiaren baitan.
Eta, nola ez, azaroaren 25eko elkarretaratzeko deia, arratsaldeko 19:00etan, Plaza Barrixan.