Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna

2021/02/05
Soraluzeko komertzioek eta gazteek bat egin dute "Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin"; erakusleihoak apainduko dituzte eta esperimentuak egin.

Soraluzeko Udalak Elhuyarrekin batera eta Bizikale Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, #ErakusleihoakO11 egitasmoa jarri du martxan Soraluzeko 6 dendetan.

Bizilabe, gazteentzako zientzia- eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintzaren baitan kokatzen da ekimen hau eta, guztira, Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko 76 saltokik hartu dute parte.

Erakusleihoen apainketa

Otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin batera, erakusleihoak apainduko dituzte herriko 6 saltokik. Establezimendu bakoitza emakume zientzialari bati eskainiko zaio, eta zientzialariaren ilustrazioa eta informazioa erakutsiko dira bertan. Guztira 12 emakume omenduko dira. Gainera, zientzialariaren ikerketan inspiratuta apainduko da erakusleihoa. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Horretarako, besteak beste, komertzio hauetan hainbat eskuorri banatuko dira, emakumeen ilustrazio eta aurkikuntzen laburpenekin.

Hauexek dira #ErakusleihoakO11  ekimenean parte hartuko duten saltokiak: 

ü  Mapre

ü  Triskel

ü  Comercial Vila

ü  Iratxo

ü  MGS Aseguruak

ü  Mabel Ileapaindegia

Gazteek egindako ikus-entzunezkoak

Horrez gain, Soraluzeko Bizilabe proiektuan parte hartzen ari diren gazteek, Euskal Herriko gainerako Bizilabeetako gazteekin batera, COVID-19 egoerara egokitu eta hainbat ikus-entzunezko egin dituzte. Haietan, emakumearen istorioa aurkeztu eta bere ikerketa-gaiarekin zerikusia duten esperimentua egin dute. Gainera, esperimentu hauek egiteko gonbita luzatu dute, behar diren materialak eta pausuak ongi azalduz.  Pandemia gabeko urtean, saltokietan bertan egingo lituzkete esperimentuak.

“#ErakusleihoakO11” webgunea

Ekimen honen baitan multimedia edukia sortu da. Parte hartu duten saltokiak Bizilaberen Otsailren 11ren webgunean egongo dira ikusgai otsailaren 8tik aurrera. Soraluzeko mapan kokatuta ikus daitezke saltokiak. Horietan klik eginez, erakusleihoaren argazkia eta omendutako emakume ikertzailea zein den ikusteko aukera dago.

Emakume ikertzaile hauen ilustrazioak ere webgunean eskegita egongo dira, euren istorioekin batera. Elhuyar Aldizkariak idatzitako istorio hauetan ikertzaileen bizitza, gertaerak eta asmakuntzak biltzen dira.

Azkenik, aipatu ekimen hau aurreko urteetan estatu mailan ere egin dela, Zaragozan edo Sevillan, besteak beste.

Ekimen honen sustatzaileak Elhuyar eta Soraluzeko Udala dira; babesle eta laguntzaileak, aldiz, Eusko Jaurlaritza eta Danobat group.