Elikagai-bankuko janaria edukiontzietan
Soraluzeko Udalak oharra argitaratu berri du Elikagaien Bankuak behar gehien duten herritarren artean banatutako janaria tarteka zabor-edukiontzietan agertzen dela salatzeko.
Soraluzeko Udalak hainbat pertsonak elikagaien bankuak banatzen duen janaria zakarrontzira botatzen duela ikusita, ondorengoa adierazi nahi du:
- Udalak uste du elikagai-banaketako janaria edukiontzietara botatzea praktika desegokia dela eta adibide eskasa, baita arduragabekeri handia ere.
- Udalak arduraz jokatzeko deia egiten die pertsona hauei, nahi ez dituzten elikagaiak jasotzeari uko eginez edo bueltatuz, behar handiagoa izan dezaketen eta hobeto estimatuko dituzten beste pertsona batzuk aprobetxa ditzaten.
- Udalaren iritziz, jokatzeko modu honek, nahiz eta gutxi batzuena den, ezin du zalantzan jarri elikagai hauek jasotzeko pertsona askok duen beharra.
Udalak adierazi duenez, janari banaketa urtean 3 aldiz egiten da herrian, Europako Laguntza Funtsak ordaintzen du eta aldiko 8.600 kilo banatzen dira, 353 pertsonarengana helduz.