Edukiontzi marroietan hondakin organikoak botatzeko txartela erabili beharko da apirilaren 7tik aurrera

Edukiontzi marroietan hondakin organikoak botatzeko txartela erabili beharko da apirilaren 7tik aurrera

2025/03/28
Apirilaren 7tik aurrera txartela erabili beharko da hondakin organikoen edukiontzia zabaltzeko; domekan, informazio-karpa jarriko da herritarrek erabileraren berri izan dezaten eta apirilaren 1etik 5era informazio-bulegoa zabalduko da Kalebarren 8n.

Hondakin organikoen edukiontzi marroia zabaltzeko txartela erabili beharko da Soraluzen apirilaren 7tik aurrera. Debabarreneko mankomunitateak sustatutako neurria da eta biohondakinen kudeaketa hobetu eta bereizketa erraztea ditu helburu. 

Ildo horretan, Soraluzek aurrerapauso bat emango du hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko eta birziklapen-ohiturak sendotzeko, herritarren inplikazioa sustatuz eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa indartuz.

Txartel marroia non eta nola eskuratu

Orain arte poltsa konpostagarriak eskuratzeko txartela erabiltzen zuten herritarrek etxean jasoko dute aurrerantzean edukiontzia irekitzeko behako duten txartela. Gainerako herritarrek, ostera, Kalebarren 8n irekiko den informazio-bulegora joan beharko dute txartela eskuratzera. 

Informazio kanpaina datozen egunetan

Sistema berrira egokitzeko prozesua errazteko, informazio-karpa bat jarriko da asteburuan, domekan, hain zuzen ere, txartel marroiaren erabilerari buruzko azalpenak eta herritarren zalantzak argitzeko asmoz.

Horrez gain, apirilaren 1etik 5era, Kalebarren 8n informazio-bulegoa irekiko da, oraindik txartel marroia jaso ez dutenek bertan
eskura dezaten. Ondorengo arreta-ordutegia izango du informazio-bulegoak:

  • Martitzenetik barixakura: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00
  • Zapatuan: 10:00 - 14:00

Informazio gehiago behar izanez gero, herritarren arreta bulegoetara gerturatu edo 629 031 252 telefonora dei daiteke.