Igandean hasiko dira Dolmenen Ibilbideaz gozatzeko antolatutako bisitak
Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa zein paisaia-balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean, 2023ko urteko bisita gidatuen programa osatu du. Apiriletik urrira bitarte antolatu dira bisita gidatuak eta www.debabarrenaturismo.com webgunean eskegita daude data guztiak.
Egitasmoa datorren apirilaren 9an abiatuko da, igandez eta lehendabiziko bisita gidatua euskaraz izango da. Aurrez izena ematea beharrezkoa da Debabarrena Turismoko webgunean horretarako prestatutako formularioan. Guztira 12 bisita gidatu programatu dira eta honako hauek dira lehenengo datak: apirilak 14, ostirala (gazteleraz), maiatzak 7, igandea (euskaraz) eta maiatzak 21, igandea (gazteleraz).
Ibilbide gidatuak 9 kilometro eta lau orduko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Edertasun handiko paisaiak zeharkatzen dira ibilbidean zehar eta balio arkeologiko handiko interesguneak aurki daitezke bertan. Mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat. Antzina, Dolmenen Ibilbidea Deba eta Urola ibaien bailaren arteko igarobidea zen; gaur egun arrasto anitz aurki daitezke bertan. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa.
Bisita gidatuak Karakateko aparkalekutik ateratzen dira, Soraluzetik, goizeko 10:00etan. Bisitaren prezioa helduentzat 5€-koa izango da, 12 urtetik beherakoentzat aldiz, 3,5€. Bergara, Elgoibar edo Soraluzen bizi diren helduentzat bisitaren prezioa 2,5€ izango dira, umeentzat berriz, 1,5 €. Mendian ibiltzeko arropa, oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen da. Eguraldiaren arabera, txapela, eguzki-krema edo eta txubaskeroa kontuan hartu beharko dira.