Dokumentalen proiekzioa
Udaleko Kultura eta Hezkuntza Batzordeek, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, "Dokumentalak" egitasmoa abiatuko dute gaur.
Egitasmoak dokumentalen proiekzioa bultzatzea eta herritarrei begirako ikusentzunezkoen arloko eskaintza handitzea ditu helburu moduan.
Urtean dozena erdi inguru dokumental proiektatzea dago aurreikusita.
Dokumentaletako batzuk Udalak berak proposatutakoak izango dira; beste batzuk, aldiz, proiektuarekin bat egiten duten elkarteek aukeratuko dituzte.
Egitasmoa Kultura eta Hezkuntza Sailek finantzatzen dute, dokumentalak kontratatzeko gastuez arduratuta.
Bere informazio, sentsibilazio eta formazio lanerako dokumentalak erabili nahi dituzen edozein elkarte bildu daiteke egitasmo honetara, Udaleko Kultura Zerbitzuarekin harremanetan jarrita.
Orain artean 3 dira zehaztuta dauden proiekzioak:
- "Mintzalagunak", otsailaren 20an, osteguna, 20:15ean (Pil-pilean Euskaldunon Elkarteak antolatuta).
- "Elkarrekin together", martxoaren 20an, asteartea, 19:00etan (Gure Esku Dago herri ekimenak antolatuta).
- "Raketistak", maiatzaren 22an, asteartea, 19:00etan (Udaleko Kirol eta Parekidetasun Sailek antolatuta).
Proiekzioak Herri Antzokian izango dira, eta sarrera doakoa izango da.
Mintzalagunak. Sare bat inguruan.
Ordu erdi inguruko erreportajea da eta Mintzalagunak. Sare bat inguruan. Bidelagunak alboan du izenburua. Debagoieneko bederatzi lagunen esperientzia pertsonalak jasotzen ditu. Horiei gehitzen zaie Topaguneko mintzapraktikako eragile Arrate Illaro. Mintzalagunek egunerokoan zer egiten duten eta horrek euskal hiztun moduan zer suposatzen dien jasotzen du erreportajeak.