Dantza garaikideko erakustaldia
Dantza garaikideko udal tailerrean diharduten haurrek ikasturte amaierako erakustaldia egingo dute ostiral iluntzean kiroldegian, eskualdeko dantza-tailerretako beste 130 neska-mutilekin batera.
Udalak kudeatzen duen dantza garaikideko tailerreko kideek "Biraka zinema" izeneko ikuskizuna eskainiko dute ostiral honetan, iluntzeko 10:00etan, Arane kiroldegian.
Tailerra duela bi urte jarri zen abian Soraluzen Udaleko Kirol Departamenduaren ekimenez eta Biraka dantza-konpainiak zuzentzen du, eskualdeko beste udalerri batzuetan egiten duen moduan (Eibar, Elgoibar eta Mendaro).
Ostiraleko saioan udal tailerreko 48 dantzarik eta gainontzeko herrietatik datozen beste 130ek hartuko dute parte, ikasturtean zehar landutako koreografiak erakutsiko dituztelarik.
Sarrerak 2 euro balio du eta kiroldegian bertan eskuratu daiteke.