Bizikidetza eta Memoria jardunaldien baitan, 'Gure historiako pasarteak' argazki erakusketa
Soraluzeko Udaleko Bizikidetza eta Memoria Mahaiak urtero antolatzen dituen jardunaldien barruan, Gure historiako pasarteak erakusketa ikusi ahal izango da gaurtik, azaroaren 2tik 11ra bitartean kulturguneko erakusketa-gelan.
Erakusketa 1990etik aurrera hiru hamarkadetan zehar Ander Gillenea argazkilariak eginiko argazkiez osaturik dago eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa du oinarritzat.
Hiru hamarkada luze horietan izandako aldaketa politiko eta gertaera asko ikus ahal izango dira, besteak beste, alderdi politiko ezberdinen ekitaldiak, arrazoi ezberdinengatik deituriko manifestazioak, atxiloketak, alderdi politikoen ilegalizazioak eta izen berriekin ondoren berragertzeak, ETAk eginiko atentatuak eta ondorengo protesta edo hiletak, presoen aldeko mobilizazioak, ETAko kideen hil kapera eta hilobiratzeak, hauteskunde garai ezberdinak, kale istiluak, egunkarien itxierak eta abar.