Bisita gidatuak Gizaburuagako tumuluan

Bisita gidatuak Gizaburuagako tumuluan

2016/09/21
Bi bisita gidatu antolatu dira herritarrek Aranzadi Zientzia Elkartea Gizaburuagako tumuluan egiten ari den indusketa arkeologikoa ezagutu dezaten.

Soraluze Alkarrekin Eginez partehartze prozesuko Mendia eta Ibaiak lan-taldeak antolatuta, Gizaburuagako tumuluan Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den indusketa arkeologikoa gertutik ikusteko aukera eskainiko zaie herritarrei Soraluze eskutik irailaren 24an eta urriaren 1ean, larunbatez.

Aranzadiko arkeologoen eskutik, bisitariek Gizaburuagan egiten ari diren lan arkeologikoa ikusteko aukera izango dute eta, ondoren, Atxolin inguruko megalitoak ezagutuko dituzte. Bi orduko bisitaldia izango da.

Bisita gidatuen abiapuntua Gizaburuagan bertan izango da. Izan ere, han egiten dute bat Ezozia auzotik igotzen den bideak eta Karakateko aparkalekutik doan bideak. Hitzordua 10:30ean izango da.

Interesdunek aurrez eman behar dute izena 943 46 61 42 telefonora deituz (9:00etatik 14:00etara) edo idazkaritza@aranzadi.eus helbidera idatziz.

Gizaburuagako tumulua J.M. Barandiaranek aurkitu zuen 1920an eta 2003. urtetik monumentu gisa babestuta dago. 10 metroko diametroa eta 0,3 metroko altuera du tumuluak.

Gizaburuagako tumuluaren indusketa arkeologikoa Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalek sustatu dute, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dauka.