Bisita gidatuak Dolmenen Ibilbidean

Bisita gidatuak Dolmenen Ibilbidean

2018/09/26
Bost bisita antolatu dira Dolmenen Ibilbidea ezagutzera emateko helburuarekin. Lehenengoa igande honetan egingo da, hilak 30, euskaraz, eta taldea betetzeko 7 plaza baino ez dira geratzen.

 Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein pasaia-balioa ezagutzera emateko, eta iaz eskainitako bisita gidatuek izan zuten harrera bikaina ikusirik -192 lagunek parte hartu zuten-, Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin, doako bisita gidatuen programa berria prestatu dute. Irteera hauek iraila eta azaroa bitartean egingo dira.

Lehendabiziko irteera igandean eskainiko da, hilak 30. Euskaraz egingo da eta 7 plaza baino ez dira geratzen taldea osatzeko. Bigarren hitzordua urriaren 7an izango da, gaztelaniaz, eta dagoeneko taldea beteta dago, ez da plazarik geratzen. Datozen irteeretarako datak honako hauek dira: urriak 21 (euskaraz), urriak 28 (gaztelaniaz) eta azaroak 4 (euskaraz).

Bisita gidatuak igandez egingo dira eta hitzordua Karakateko aparkalekuan izango da, goizeko 10:00etan. Ibilaldian parte hartuko dutenei arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea gomendatzen zaie. Txangoa amaitzean, parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Aurrez izena ematea beharrezkoa da. parte hartu nahi dutenek izen eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bisitan.com helbidera idatziz.

Edertasun eta balio handiko paisaiak

Hiru ordu eta erdiko iraupena duen ibilbide gidatua da, Karakaten eta Irukurutzeta artean. Ibilbideak edertasun eta balio arkeologiko eta kultural handiko paisaiak zeharkatzen ditu.

Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

Bisita gidatu hauek Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek sustatu duten lanerako plan baten baitan kokatzen dira, Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuarekin.

Lanerako planak jasotzen dituen jardueren artean, nabarmentzekoa da Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzea. Urrian hasiko dira lanak eta tumuluaren berreraikitze partziala egingo da. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak, etabar.

Bestalde, azaroan, ikerketa arkeologikoaren alorrean, Irukurutzetako trikuharriaren indusketa lanak hastea aurreikusten da. Gipuzkoako trikuharrien artean handienetakoa da eta, Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, indusketa arkeologikoak ekarpen nabarmenak egin ditzake tumuluaren neurriak eta egituraren ezaugarriak zehaztuz. Gainera, Neolito garaiko material arkeologikoa aurkitzeko aukerak badaude.