Bisita gidatua Dolmenen Ibilbidean zehar
Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako 8 bisita gidatu antolatu ditu Debabarreneko Garapen Agentziak (Debegesa) hurrengo hilabeteetarako.
Lehendabiziko bisita ekainaren 11n burutu zen eta 15 lagun izan ziren Karakaten hasi eta Irukurutzetan amaitzen den 9 kilometroko ibilbide gidatuan parte hartu zuten pertsonak.
Igande honetan, uztailak 2, egingo da bigarren bisita gidatua, 10:30etatik 13:30era. Behin ibilbidea amaituta, gazta, ogia eta sagardoa izango dira dastagarri.
Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da info@begi-bistan.com helbidera idatziz edo 657 79 46 77 telefonora deituz (Naiara).
Jakina den moduan, Dolmenen Ibilbideak Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, eta Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen ditu. Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Hurrengo bisita gidatuen datak ondorengoak dira: uztailak 2, uztailak 16, uztailak 30, abuztuak 6, abuztuak 20, irailak 10, irailak 24 eta urriak 7.