Bide Azpiegituretako Diputatuaren bisita
Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide eta Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek GI-627 errepidetik herriko hegoaldera zuzenean sartzea ahalbidetuko duen biribilgune berriko lan amaitu berriak bisitatu dituzte.
Orain artean erdi lotura bezala erabiltzen zen, GI-627 errepidetik bi adar zituelako soilik, Bergaratik Soraluzerako sarrera eta Bergara alderako irteera. Horrela, iparraldetik (Maltzaga) zetozen eta hiriaren hegoaldera joan nahi zuten ibilgailuek bi aukera zituzten: hirigune guztia zeharkatu edo GI-627tik jarraituta Mendizabal industriagunera sartu eta norabidea aldatu. Gauza bera gertatzen zen hiriguneko hegoaldetik Maltzaga aldera joan nahi zuten gidariekin.
Oiarbide diputatuak azpimarratu du “obra berriari esker, ibilbide mugatu horretako trafikoa arintzeaz aparte, aukera gehiago emango zaizkiela udalerrira doazen autoei”. Obra berria izan da biribilgune bat eraikitzea, 36 metroko diametroa duena. Era berean, lanen exekuzio-fasean, beharrezkotzat jo zen ezpondaren hondeaketa handiena egonkortzea, eta horregatik atzerapena gertatu da obren amaiera epean.
Halaber, diputatuak iragarri du futbol denboraldia hasi baino lehen, soraluzearrek argiztapena izango dutela futbol zelairako bidean. “Irailerako LED argiak jarriko ditugu, eguzki plakekin hornituak, eraginkortasun energetikoaren alde apustu eginda, gure errepide sarean egiten ari garen bezalaxe. Lehenik, Aldundiak egingo du instalazioa, eta gero Udala izango da haren mantentze lana egingo duena”, zehaztu du Oiarbidek.
Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak, bere aldetik, adierazi du pozik dagoela Foru Aldundiak obra berria baieztatu izanarekin. “Izan ere, futbol zelaira doan argiztapena oso garrantzitsua da herritarrentzat, jende asko ibiltzen baita bertan, gehienbat haurrak eta beraien gurasoak. Argi berriei esker, beraz, segurtasuna asko handituko da”.